Iñigo Zabalaren Basket Navarra kinka larrian

Guaixe 2016ko uzt. 13a, 13:19

Aurreko denboraldian Planasa izan zen Basket Navarraren babesle nagusia.

Zilarrezko LEB mailan ez dute izena eman babesle nagusirik gabe daudelako

Ez dira garai onak babesleak bilatzeko. Klub guztiak egoera berberean daude, baina kirol batzuk beste batzuk baino zailagoa dute babesleak bilatzerako unean. Eta hori gertatzen ari zaio Iñigo Zabala saskibaloi jokalari altsasuarraren taldeari, Basket Navarrari. Hurrengo denboraldian Zilarrezko LEB mailan aritu ahal izateko babesle sendo baten faltan daudenez, zintzoak izan dira eta momentuz, ez dute izena eman aipatu kategorian. “Gehienek izena ematen dute eta gero eguzkia nondik irten, horren zain aritzen dira. Guk nahiago dugu lehenik eta behin babesleak lortu eta gero izena ematea” adierazi du Basket Navarrako marketing zuzendari Andoni Morianok.

Izena bukatzeko epea garilaren 13an bukatu zen baina Iruñeko saskibaloi klubak aurreinskripzio eskaera egin zuen federazioan, aurrerago kategorian izena eman ahal izateko. Taldeak gutxienez 100.000 euroko aurrekontua behar du eta babesle txikiekin kopuru hori lortzea zaila da. Baina oraindik ere enpresa handiekin harremanetan daude Basket Navarrakoak, eta babesle handi bat lortzeko esperantzarekin jarraitzen dute. Ea Iñigo Zabalak taldearekin jarraitzeko aukera duen.