Udalak ikasgelaz kanpoko euskararen erabilera sustatzeko laguntzen deialdia egin du

Guaixe 2016ko uzt. 14a, 08:44

Eskolaren artxiboko argazkia.

Altsasuko Udalak ikasgelaz kanpoko ekintzetan euskararen erabilera sustatzeko laguntza-deia egin du. Aurten burutuko diren ekintza horietara Altsasuko Udalak 2.700 euro bideratuko ditu. Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei zuzenduak dira laguntza horiek, hizkuntza eredua bat edo bestea izanda ere.

Ikastetxeetako ikasgelaz kanpoko esparru jakin batzuetan bereziki euskararen erabilera sustatzeko burutzen diren ekintzak hartuko ditu kontuan deialdiak, esaterako: etxetik eskolarako autobus-ibiliak; eskolako atari ingurua, sarrera-irteera orduetan; jolastokiak (jolas-orduetan); ikastetxeko pasabide eta eskailerak, sarrera-irteera zein klase-aldaketa orduetan eta jantokia (otorduetan eta libre atsedenaldian).

Hiru kasutan ez da diru-laguntzarik emanen: euskararen erabilera sustatzeko eremu zehatzean interesa ez duten jarduerei; Altsasuko Udaleko beste edozein atalen bidez diru-laguntza jasoko dutenek ez eta, oro har, Altsasuko Udalaren jarduketa esparruaren barruan ez daudenek ere.

Diru-laguntza eskaera egin nahi dutenek eskabidearekin batera honako agiriak aurkeztu beharko dituzte udaletxean:  IFKaren fotokopia; egin nahi den jardueraren gaineko plangintza xehatua, jarduerei lotutako diru-sarreren eta gastuen gaineko aurrekontua eta aitorpena, objektu horretarako administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako diru-laguntza guztiena. Adierazi beharko da eskaerak ebazteke edo ebatzita dauden; azkenengo kasu horretan, erantsiko da kontzesioari buruzko ebazpenaren kopia. Eskaerak aurkezteko epea asteazkenean despedituko da.