Errefuxiatuendako material bilketa

Guaixe 2016ko uzt. 14a, 19:36

Jendeak dagoeneko arropak eta haurrendako jostailuak eman ditu.

Frontoi zeharbidearen 14an udalak duen bajeran jasoko da.

AHNA elkarteak, Ayuda Humanitaria Navarra en Acción, errefuxiatuei zuzendutako material bilketa kanpaina martxan jarri du. Bazterketa harresien kontra,elkartasun bideak leloa du ekimenak. Atzo hasi eta hurrengo bost hilabeteetan AHNAko kideak Gertu dendaren parean dagoen udal bajeran egonen dira, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Denbora tarte horretan jasotzen dituztenak Calais, Dunkerke, Lesbos eta Idomeniko errefuxiatu eremutan dauden pertsonendako izanen dira.

Adin guztietako pertsonendako arroparekin batera, jaio berri eta umeendako beharrezkoak diren jantziak, oinetakoak, txupeteak, biberoiak pixoihalak, jostailuak eta bestelakoak jaso nahi dituzte. Baita haurrendako eskola materiala ere: koadernoak, boligrafoak, margoa… Errefuxiatu eremuak jakiz hornitu ahal izateko jakiak ere bilduko dituzte AHNAkoek: gailetak, hauts-esnea, umeendako pototxoak… Bestalde, umeak eta haurrak batetik bestera eramateko gurditxoak, motxilak, zakuak, mantak eta besteri ere ongi etorria eginen diete. Migratzaileendako onak izan daitezkeen bestelakoak ere gogoz hartuko dituzte bajeran. AHNA elkartetik, aldez aurretik, sakandarren laguntza eskertu dute.