2016 bideko Sakanako etapetarako izena ematea zabalik

Guaixe 2016ko uzt. 14a, 18:26

Mendizaleak pagadian gora. Argazkia DSS2016

Garilaren 24rako Zegama-Altsasu ibilbidea antolatu dute eta garilaren 31n Altsasu-Ataun. Izena ematea zabalik dago www.dantzalekusakana.com eta www.dss2016.eu web guneetan.

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak 2016 bidea ekimena antolatu du, Euskal Herria 32 etapatan zeharkatuko duen ibilbidea. Horietako bi etapa Sakanatik pasako dira: 18.etapa, Otzaurten (Zegama) hasi eta Altsasun despedituko dena (garilak 24) eta 19. etapa, Altsasun hasi eta Ataunen despedituko dena (garilak 31).

Sakanako bi etapak antolatzen laguntzeko Donostia 2016 ekimenekoek Altsasuko Inauterien Batzordearen eta Dantzaleku Sakana klubeko mendi sekzioaren laguntza izan dute. Gure txokoetako altxorrak ezagutarazteko hainbat antzezlan, azalpen eta kultur ekimen izanen dira ibilbidean barna. Garilaren 31ko etapan, esaterako, Altsasuko inauteria antzeztuko dute Zelatamuno parajean, Etxarrin.

Izena ematea zabalik
Izena ematea www.dantzalekusakana.org edo www.dss2016.eu web guneetan egin behar da (8 euro), autobusa, asegurua eta ibilbideko kultur ekitaldiak estaltzeko. Garilaren 24an sakandarrak Otzaurtera eramateko autobusa 8:30ean abiatuko da Altsasuko geltokitik eta garilaren 31koan Ataundik buelta egiteko autobusa izanen dute eskura sakandarrek.