Ohitura denez, Erkudengo Ama erromeriaren hurrengo igandean Bargagaineko bidea hartzen dute Altsasuko mendizaleek. Horrela, Altsasuko Mendigoizaleak taldeak guztia prest dauka igandean LV. Bargagaingo Igoerarako.
Igandean, goizeko 9:00etan jaurtikiko dute suziria, Bargagainera abiatzeko. Aurten, nobedade moduan, udaletxetik jaurtiko dute suziria, alkatea bertan dela. 9:30ean hamarretakoa egingo dute gazteluan, eta behin Bargagainera igota, goizeko 11:00etan meza izanen da. Ondoren, eguerdian, auzatean bilduko dira mendizaleei batuko zaizkien guztiak. “Festa hau ez da soilik mendizaleena, herritar guztiena baizik. Goiz polita pasatzea da asmoa, Bargagaindik dauden ikuspegi zoragarriez gozatzea” azaldu du Altsasuko Mendigoizaleak taldeko Fernando Bengoetxeak.
Auzatean gazta, txorizoa eta urdaiazpikoa banatuko dira eta Altsasuko udalak zilarrezko tazetan dastatzeko ardoa eskainiko du. Jakina, Altsasuko erromeria guztietan bezala, ez da zortzikorik faltako, Bargagainera ere itzoko baitira Altsasuko txistulariak. Txoko guztiak garbi-garbi utzi ondoren, Altsasura jaitsiko dira bazkaltzera.
Bargagaineko igoerak bere txokoa du altsasuarren bihotzean. 300 pertsona pasatxo pasatzen dira Bargagainetik egun horretan. “Batzuk gora, besteak behera… baina 300-400 lagun pasako gara bertatik” gaineratu du Bengoetxeak.