Zein kartel duzu gogokoen?

Guaixe 2016ko uzt. 20a, 12:21

Altsasuarrek asteartera arte festetako kartel lehiaketako hiru finalistetako baten alde bozka dezakete.

Aurten Altsasuko festak irailaren 14tik 18ra izanen dira, asteazkenetik domekara. Herriko ospakizunak iragartzeko Altsasuko Udaleko Kultura Zerbitzuak kartel lehiaketa deitu zuen. Haurren mailan 127 lan aurkeztu ziren eta helduenean 13. Epaimahai batek azken horretara aurkeztutako lanetatik hiru aukeratu ditu eta altsasuarrek, bozka bidez, horien artean aurtengo kartel iragarlea aukeratu beharko dute.

Gaur hasi eta heldu den asteazkena bitartean 16 urtetik gorako altsasuarrek gogoko kartelaren alde botoa emateko hiru modu izanen dituzte: Iortia kultur gunean, 10:00etatik 14:00etara; 012 telefonora hots eginez (astelehenetik ostiralera 8:00etatik 19:00etara) edo www.altsasu.net web orriaren bidez. Boto gehien jasotzen dituen kartelaren egileak 600 euroko saria eskuratuko du. Haurren mailan epaimahaiak aukeratutako kartelaren egileak, berriz, marrazketa materiala eta 60 euro.

Aurten festetako kartel lehiaketara aurkeztu diren lan guztiak irailaren 1etik 10era Iortia kultur gunean izanen dira ikusgai, 9:00etatik 14:00etara.