Mila Koloreren hiri-artea

Guaixe 2016ko uzt. 22a, 09:01

Intxostiapunta Gazte gunearen ondoan eta Iortia plazan dauden beirarendako edukiontziek irudi berria dute pasa den astetik. Altsasuko Udalak behar bereziak dituzten gazteei zuzendutako Gu Geu Gazte programako parte-hartzaileek, Mila Kolorekoek, margotu dituzte. Hiri-arte esku-hartze horretan laguntzaile Helena Santano Cid sortzaile altsasuarra izan dute.

Intxostiapuntako iglu moduko edukiontzian landaretza da nagusi. Koloretako ondoaren gainean hainbat belar eta landareren profilak ikus daitezke. Margolana lortzeko betetako landareak erabili zituzten plantilla gisa. Kultur gune ondokoan, berriz, Piet Mondrian margolari herbeheretarraren forma sinple eta sintetizatuetan oinarritutako hondo gorria, horia eta urdina margotu zuten. Haren gainean, pintura beltzez, Altsasuko inauteriko pertsonaiak ikus daitezke.

Programan parte hartzen dute Mila Kolore elkarteko kideen egitekoa ez da soilik margotzea izan. Aurretik, iglu itxurako edukiontziak garbitu, lixatu eta pintura ongi hartzeko inprimazioa eman zieten. Altsasuko Udalak, bestalde, guztia posible egiteko, beira jasotzen duen Ecoembes enpresaren aurrean baimena kudeatu zuen.

Hasiera batean, Santanok herriko gazteei zuzendutako jarduera moduan proposatu zuen jarduera, elkar ezagutza eta harremana sustatzeko. Mila Kolorekoek eman zuten izena eta haiekin garatu da proiektua. Parte-hartzaileak esperientziarekin pozik gelditu dira. Bere etxe ondokoa margotzeko proposatu dien altsasuarrik bada ere.

Jarraipena
Esperientzia arrakastatsuaren ondoren, Gazteria Zerbitzuak errepikatzea erabaki du. Lastailaren 21ean eta 22an izanen da, 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta.