Zirku arteekin gozatzeko

Guaixe 2016ko abu. 26a, 10:38

Bihar, 18:00etan Altsasuko kultur gune pareko plazan.

15. edizioa du aurten Ezin zailagoa, Nafarroako zirku jaialdiak. San Adrianekin, Uharte Iruñarekin, Vianarekin eta Tuterarekin batera antolatzen du Altsasuk Ezin zailagoa. Zirkuko arte ikuskizunei programazioetan lekua egin eta, uda giroa baliatuz, kale ekitaldiak sustatu asmoz sortu zen Ezin zailagoa. Eta horretan dirau. Aurten hiru ikuskizunekin gozatzeko aukera eskainiko digute.

Hiru ikuskizun
Eszenan lehenak, 18:00etan, Granadako Tresperté konpainiako hirukoa eta hainbat sari jaso dituen Aquí sobra uno ikuskizuna izanen da. Hiru akrobata, irrati zaharra eta umore dosi handiak osagai ditu zirku-antzerki ikuskizun mutuak. Ikuskizuna hastear da eta dena perfektu atera beharrak sortzen duen tentsioak akrobaten arteko erlazioak azalarazten ditu: jeloskortasuna, pasioa, maitasuna… Guztitik ondorio bakarra aterako dute, haietako bat soberan dago!

Segituan, 19:00etan, Kataluniatik heldu den Manolo Alcantararen zirku pertsonal eta singularraren txanda izanen da. Rudo ikuskizuna zakarkeriarekin, ahalegin fisikoarekin eta erronka pertsonalekin bizi izan diren pertsonez ari da. Alcantara autodidaktak horiek absurdoaren muturreraino eramanen ditu. Hala, gizon zakar mutu baten papera jokatuko du. Hark egurrezko kutxa astunekin dorreak eta figurak sortzen ditu. Bere desira eta ilusioaren fruitu, eraikuntza hauskorren gainean zutituko da. Laia Riusek (biolina) eta Maria Bouk (biolontxeloa) zuzeneko musika joko dute, pertsonaiaren ahalegin titanikoari kontrapuntu lirikoa jartzeko. Ikuskizun intimoa, prekarioa, arriskatua eta xamurra.

Ezin zailagoa despeditzeko, 20:10ean, Murtziako UpArte konpainiak goi mailako akrobazia teknikako ikuskizun bizia eskainiko du: Todo encaja. Musika alaiaz lagunduta akrobaziaren alde pertsonal eta dibertigarriena erakutsiko dute sei artistek, umore ukituz. Jauzi, hegaldi eta giza dorreak eginez ikuslearengan emozioak intentsuak sortaraziko dizkiote. Arnasari heltzeko prest? Seikotea bere gogo-bizia kutsatzeko asmoz etorriko da Altsasura.