Altsasu Xtrem 3.0 abentura proba badator!

Guaixe 2016ko uzt. 29a, 12:20

Agorrilaren 6an jokatuko da, Altsasuko Gazte Asanbladak antolatuta. Izena ematea zabalik dago agorrilaren 2a baino lehen

Altsasuko Gazte Asanbladak uda sasoian urtero antolatzen du ekitaldi berezi eta ikusgarriren bat. Duela bi urte Altsasu Xtrem abentura proba antolatu zuten, eta arrakastatsua izan zenez, aurreko urtean ere antolatu zuten. Aurten ere segida izanen du ekimen horrek eta horrela, agorrilaren 6an jokatuko da Altsasu Xtreme 3.0.  

Altsasu Xtremen altxorra bilatzera jokatuko dute parte-hartzaileek, taldeka. Altxorra bilatzeko mota guztietako abentura probak gainditu beharko dituzte Altsasuko herri gunean eta basoetan. Indarra, trebetasuna, orientazioa, elkartasuna… hori guztia landu beharko dute probak gainditu ahal izateko, horrela iritsiko baitira altxorrera edo sari potolora.

Aurreko urtean lau talde lehiatu ziren: Uberkazuloko Loinak (talde morea), Baikolarko Bareak (talde horia), Sorozarretako Xaguzarrak (talde gorria) eta Txunkaiko Kunkunak (talde berdea). Mota guztietako probak gainditu behar izan zituzten –ginkana-jokoak, uretako probak Altsasuko Dantzaleku igerilekuetan eta Burunda ibaian, puntuaketak, sudokuak edo buruketak, dantza-karaokea, pistak bilatzea…–eta Uberkazuloko Loinak taldea izan zen azkarrena, talde morea.

Izena emateko
Altsasu Xtreme 3.0 agorrilaren 6an jokatuko da. Goizeko 10:00etan taldeen egituraketa eta antolaketa egingo dute Foru Plazan, eta auzatea izanen da. Ondoren, 11:30ean hasiko da proba, egun guztian barna luzatuko dena. Gauean afaria egonen da eta irabazleek euren saria jasoko dute.

Izena emateko epea: agorrilak 2
16 urtetik gorako neska-mutikoek eman dezakete izena altsasuxtreme3.0@gmail.com e-postara mezua bidalita edo Whatsappez, 686 214 019 zenbakian. Gastuei aurre egiteko, parte-hartzaile bakoitzak 10 euro ordaindu beharko ditu aldez aurretik (hamaiketakoa, bazkaria eta afaria barne). Altsasuko Gazte Asanbladatik bertan parte hartzeko gonbitea egin dute: “Badator Altsasu Xtreme 3.0 !!! 16 urte baino goragoko gazteak, gurasoak, helduak edo "beteranoak" bazarete gonbidatuak zaudete!! Izena eman!!! 10 euroren truke bazkaria, afaria, abenturaz betetako eguna eta gau dibertigarria izango duzue!!!” adierazi du Altsasuko Gazte Asanbladak sare sozialetan.