Emakumezkoen futbol egun arrakastatsua

Athleticek 1 eta 3 irabazi zion Mulierri Dantzalekun jokatutako lagunarteko partidan. Gaur senior mailako emakumezkoen Altsasu taldeak jokatuko du lehenengoz; lagunarteko partidan lehiatuko dira Itaroa Huarteren kontra, 18:30ean Uharte Arakilen

Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) emakumeen futbola sustatzeko emakumezkoen futbol eguna antolatu zuen, Nafarroako Futbol Federazioaren laguntzarekin. Tartean puntako futbol partida jokatu zuten emakumezkoen Osasuna taldea desegin ondoren sortutako Mulier taldeak, bigarren mailan dabilena eta Nafarroako emakumezkoen futbol talde erreferentea denak, eta Athleticek. Partida polit eta ikusgarrian, Athleticeko neskek 1 eta 3 irabazi zieten Mulierrekoei.

Dantzalekun harmailak gainezka zeuden, jendetza bildu zen emakumezkoen puntako partida jarraitzera. “Oso pozik gaude. Babesleak, zaleak, futbolariak… bikain aritu ziren. Halako ekitaldiekin emakumezkoen futbola sustatu nahi dugu. Sakanako neskek futbolean aritzea bulkatu nahi dugu, sortu berri ditugun emakumezkoen taldeetan apuntatu daitezela. Uste dut pixkanaka lortzen ari garela” adierazi digu SDA taldeko Gorka Paskuak.

Argazkiak: Guzman Lobo.

Txikien Futbol 8 mailarako neskak behar dira
Aurten emakumezkoen bi futbol talde izanen ditu Altsasuk. Talde txikia, kimuen eta haurren mailako Futbol 8 mailako taldea, eta aurten estrenatuko den Erregional mailako taldea, helduena. “Erregionalak dagoeneko entrenatzen hasi dira. 25 taldekide daude, taldea beteta dugu. Txikien mailako Futbol 8 mailan 11 taldekide daude, eta 2002-2006 urteen artean jaiotako neskak behar ditugu. Izena emateko epea zabalik dago eta ea neskak animatzen diren” gaineratu du Paskuak.

Erregionalen partida gaur Uharte Arakilen
Altsasuko emakumeen erregional mailako taldeak gaur jokatuko du bere lehenengo partida, asteazkenean, Uharte Arakilgo Itxesi zelaian. “Lagunarteko partida bat izango da, Itaroa Huarte taldearen kontra, 18:30ean. Helburua emakumezkoen futbola sustatzea da, Uharte Arakilgo neskak futbolean aritzea animatzea. Gure taldean Sakanako neska guztiek dute tokia eta gure ideia Sakanako herrietara emakumezkoen futbola eramatea da, neskak animatzeko. Uharte Arakilek gure proposamena onartu zuen eta gaur jokatuko da partida” aipatu du Paskuak.