Altsasuko Udalaren Emakume eta Berdintasun Batzordeak festen aurretik sexu erasoen kontrako bideoa argitaratu zuten. Hartan makina bat altsasuarrek erasoen kontrako hitza hartu zuten. Lan ildo berean jarraituz, Altsasu: sexu erasorik gabeko festen alde kanpaina martxan jarri du. Prebentzioa landu eta erasoei denen artean erantzuna nola eman erabakitzeko urratsa eman nahi dute aurten. Batzordeko buru Arantza Bengoetxeak, horregatik, “festetan modu aktiboan” parte hartzen dutenei antolatutako tailerrean parte hartzera gonbidatu ditu.
Emagin elkarteko kideek gidatuko dute tailerra eta Bengoetxeak jakinarazi duenez, hainbat galderendako erantzunak bilatu nahi dira, esaterako: gure festetan erasoak ematen al dira? Eta festak
antolatzen dugun kolektiboen barruan? Zer dira sexu erasoak? Erasotzaile guztiek arazo psikologikoak dituzte? Guztiok beldurrez bueltatzen gara etxera gauean ordu txikitan? Autodefentsa feminista teknika fisiko batzuetara mugatzen da? Nork erabakitzen du? Erantzunak jaso ondoren sexu erasoei aurre egiteko estrategia indibidual eta kolektiboak pentsatuko eta erabakiko dituzte, “beti ere, emakume erasotuen beharrak eta ahalduntzea lehenetsiz, baina gertaera hauen ardura kolektiboa azpimarratuz”. Hori dela eta, Bengoetxeak parte hartzeko deia berretsi du: “estrategia hori erabakitzea da tailerraren helburu; horregatik talde eta pertsona guztien parte hartzea behar dugu!”
Izen ematea
Tailerraren antolaketa laguntzeko berdintasuna@altsasu.net edo 948 564 823 telefonoan izena ematea eskertu dute.