Burundesarendako lau Sunsundegui

Guaixe 2016ko ira. 1a, 10:43

Ezkerretik eskuinera: Javier Fonseca, Joakin Atxa, Claudio Lesaka, Javier Otxoa, Jose Ignacio Murillo, Joakin Aranburu, Francisco Javier Vargas eta Patxi Baron.

La Union taldeko Burundesa konpainiak Sunsundeguin egindako lau autobus jaso zituen agorrilaren hasieran. Autobusak berritzeko urteroko plangintzaren barruan sartzen da erosketa hori eta hartan milioi bat euro baino gehiago inbertitu du. Zehazki Altsasuko autobus-egileari nazioartean aitortza ekarri dion SC7 gama altuko lau ibilgailu eskuratu ditu Burundesak. Lau autobusek azken aurrerapenak dituzte gidatzeko, segurtasuneko, irisgarritasuneko eta bidaiariendako erosotasunerako.

Burundesak eskuratutako lau ibilgailuetatik bat VIP bertsioa da. 15 metro luze eta 58 plazako autobusak komuna ekologikoa eta gurpildun aulkiendako plataforma jasotzailea du, izan ere, aulki mota horretarako propio espazio erreserbatua du. Beste autobus batek 15 metro luze ditu eta 71 plaza. Gainontzeko bi ibilgailuak 13 metrokoak eta 59 plazakoak dira. Autobus batzuk Iruña Bilborekin, Gasteizekin edo Jakarekin (linea berria) lotzen ari dira dagoeneko, besteak, berriz, eskola garraiorako edo bestelako zerbitzuetarako erabiliko ditu enpresak.

Ibilgailuak jasotzerakoan Javier Otxoak, Burundesako kudeatzaileak, esan zuen: “Sunsundeguik egin dizkigun autobusen fidagarritasuna, erosotasuna eta, jakina, segurtasuna beti kontuan izan ditugu. Ibilgailu sendoak dira, detaile guztiekin diseinatuak, artisau eran eginak eta azken teknologia dute. Haien bizi guztian baldintza ezin hobetan mantentzen dira.” La Union taldeko zuzendari nagusi Claudio Lesakak esan zuenez, “inbertsio hau Nafarroaren ekonomia garapenari ekarpena egiteko gure helburuarekin bat dator, batez ere eskualde honetan, zeinetan orain dela 90 urte baino gehiago Burundesa sortu zen.”



800 ordu
Bataz beste ordu kopuru hori behar dute Sunsundeguiko teknikariek autobus bat egiteko, bi hilabete inguru. Sunsundegiko eskualdeko ordezkari Joakin Aranburuk azaldu zuenez, “guretako autobus bakoitza bat eta bakarra da, bezero bakoitzaren eskaera zehatzen arabera prestatuta baitaude. Maila goreneko material eta osagarriekin lan egiten dugu, eta hori sektoreko profesionalek argi eta garbi atzematen dute.”