Jai giroan aldarrikatu dute errepresio indarrek ospa egitea

Guaixe 2016ko ira. 1a, 15:49

Ospa egunaren bidez, atzera ere, “edozein polizia-indar, militar zein gure herrian bizi dugun errepresio oro ez dugula nahi argi eta ozen adierazi” zuten. Ospa mugimenduko kideek esan zutenez, “ez ditugu onartuko egunero sufritzen ditugun kontrolak, ez eta gure aldarrikapenak zapaltzea, herri mugimenduaren kriminalizazioa, herriaren alde lanean dabiltzan pertsonak isunen bidez itotzea edo are okerrago tortura, jipoi eta espetxe zigorrekin jarraitzea.” Foruzaingoa eta Guardia Zibila “ klase boteretsuen alde lanean dihardute, ezagun dugu.”

Ospa eguna larunbatean ospatu bazen ere, asteazkenaz geroztik Guardia Civilaren helikopteroa Altsasun bueltaka izan zen. Aurreko egunetan kalez jantzitako agenteak ere izan ziren. Egunean bertan herri sarreretan kontrolak izan ziren eta antolatutako kalejira gertutik zaindu zuen Guardia Zibilak. Kalejiraren ibilbidean zehar parte-hartzaileek hainbat tokitan jolas edo dantza egin eta mozal moduko legea salatzeko aukera izan zuten. “Errepresio indarrak lurrez, itsasoz edo airez” alde egiteko eskatu zuten. Hori irudikatzeko autoa, itsasontzia eta helikopteroa egin zituzten. Haietako batzuekin ibilbidean zehar lasterketak egin zituzten. Gaueko kontzertuarekin, jai giroan, despeditu zen aldarrikapen eguna.