Erkudengo Amaren Holandako esperientzia

Guaixe 2016ko ira. 1a, 19:04

Altsasuko abesbatza agorrilaren 22tik 29ra Europa erdialdean izan da. Holandan bi kontzertu eman eta beste hainbat emanaldi eskaini dituzte.

Holandarra da Erkundengo Ama abesbatzako kideetako bat, Ada Kruijer. Hark sorterrian kantatzeko aukera mahaigainean jarri zuen eta bere bidez bi kontzertu lotu zituzten. Abesbatzako kide guztiek ezin izan zuten joan, 30 bai eta Iñaki Zelaia eta Juli Alvaro batu zitzaizkien bidaiarako. Schagen hirian eman zuten aurreneko kontzertua, agorrilaren 25ean. Dantza eta kanta ardatz zuen folklore jaialdia, artisau eta tokiko produktuen azoka hartu zuen egun hartan hiriak. Emanaldiaren aurretik parte hartu zuten dantzariek eta abeslariek kalejira egin zuten. Erkudengo Amako kideak, Euskal Herriko jantziak soinean, kantuan egin zuten bidea.

Plaza nagusian, folklore ikuskizuna dantzariek zabaldu zuten eta gero Altsasuko abesbatzaren txanda izan zen. Kalean kantatzeko egokiak ziren eta euskal kanten sorta bat eskaini zuten. Emanaldia Aurreskua kantatuz hasi zuten, abesbatzaren doinura Inaxio Beramendik dantzatu zuena.  Ondoren etorri ziren Ama Birgina, Herribehera, Illunabarra moduko euskal kantuak, Balada del andaluz perdido (F. Garzia Lorkaren poema batean oinarriturik Andaluzia eta Argentinako erritmoak uztartu egiten dituena), Hego Amerikako Si llego a besarte, Te quiero eta beste.

Bi egun geroago Amersforrt hirian, De Nieuwe Ervenenen, izan zen bigarren kontzertua, arratsaldez. Goiza Holandako Hallehuiskoor abesbatzako kideekin eman zuten. Joko eta kantu bidez  elkar ezagutzeko aukera izan zuten. Ondoren iritsi zen emanaldia, holandarrek kantu batekin zabaldu zutena. Okasiorako ikurrinaren kolorez jantzita azaldu ziren, bisitariei kidetasuna azaltzeko.

Ondoren, euskal jantzi tradizionalak soinean, altsasuarrek berriro ere kantu eta dantzarekin, Aurreskuarekin, zabaldu zuten. Segituan hainbat kulturatako kantuak eskaini zituzten: El breve espacio en que no estás (Cuba), Balada del andaluz perdido (Andalucia), A tu lado (habanera), Te quiero (Argentina), Rachmaninoven Ave Maria (Errusia), Swing Low (Ingalaterra-Gales) eta Shennandoah (beltz espirituala). Euskal kantuen sorta hau ere abestu zuen abesbatzak: Ama Birgina, Herribehera, Illunabarra, Mendirik mendi eta Agur jaunak. Despeditzeko bi koralek La mar, Zee (Holanda) eta Maitia nun zira abestu zituzten.



Emanaldi gehiago
Aipatu kontzertuez aparte Erkudengo Amako kideak eta laguntzaileak (20) hainbat hiri eta herri bisitatzeko aukera izan dute: Blois (Frantzian), Bruggas eta Gant (Belgikan) eta Holandako Utrech, Zaanse Schans, Marken, Schagen, Amsterdam eta Amesfoort. Haietan kantuan izan ziren, esaterako, Amsterdamgo katedral katoliko eta protestante banatan, Gand Genteko katedralean, zenbait plaza eta auzoetan. Jendearen ikusmina sortu zuten emanaldi horiek.

Abesbatzako kideen helburua euskal kultura eta tradizioak ezagutaraztea izan da eta, antza, lortu dute “gure identitateaz harro gaudela eta lurraldeko abestiak bihotzarekin kantatzen ditugula sentitu zutela esan ziguten batzuk.” Hallehuiskoor abesbatzak Euskal Herrira etorri nahi izanez gero ateak zabalik izanen dituela esan digute Erkudengo Amakoek, “haiekin harrera bikaina eta une ahaztezinak bizi genituelako.”

Esperientzia “bikainaren” eta Euskal Herriko kulturak Holandan izandako “arrakasta handiaren” ondoren Erkudengo Ama abesbatza Ziordiko festetako (irailak 11, igandea, 13:00etan), Altsasuko festen aurreko (irailak 11, igandea, 20:00etan), Arbizuko eta Uharte Arakilgo Zamartze monasterioko kontzertuak emanaldiak prestatzen hasi da.