Altsasuko festetako jarduera jendetsuena bihurtu da herri bazkaria azken lau urteetan. 700 bat pertsona elkartzen dira eta 60 bat aritzen dira lanean. Festa batzordean egitasmoa sortu denetik herriko hainbat talderen ardura izan da herri bazkaria antolatzea. Aurten, hainbat arrazoirengatik, hori ez da posible izanen. Eta enpresa bati eman aurretik, altsasuar talde bat elkartu egin da herri bazkari hori jaio zen moduan mantentzeko: “herritik sortuta eta kudeatuta, eta herriarendako egina.”
Horregatik, festetako herri bazkaria antolatzen lan egin nahi duten guztiei tabernetan jarri diren paperetan izena emateko deialdia egin dute. Bestetik, aurreratu dute bazkariaren diru etekina herrian leudeken behar materialetara bideratuko litzatekeela: mahaiak, aulkiak, puzgarriak, txosna… Zer erosi bazkarira joaten direnek erabakiko dute, bazkari txarteletan hainbat aukera izanen baitira. Auzolanean arituz edo herri-bazkarira joanez, parte hartzeko deia egin dute.