Lansareren prestakuntza ikastaroa enpresa batean

Guaixe 2016ko ira. 2a, 13:45

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak-Nafar Lansarek industria arloko prestakuntza ikastaroa ematen ari da Altsasun. 40 orduko ikastaro teoriko-praktikoan ikasleek orgatilla, garabia-zubia, plataforma-jasotzailea eta lan arriskuen prebentzioko ezagutzak jasoko dituzte. Ikastaroa astelehenean hasi zen eta irailaren 9an despedituko da. Eragileek sumatutako beharretan trebatuko dira ikasleak.

Ikastaroaren berritasuna da Nafar Lasareko Altsasuko enplegu bulegoak eta Iturrondo zentroek antolatu dutela eta Lacunza Kalor Group SAL enpresak lagundu duela. Sukaldeak, estufak, tximiniak eta berogailuak egiten dituen enpresak bere azpiegiturak dohainik utzi ditu ikasleek han praktikak egin ditzaten. Guztia eskualdeko langabetuen garapena eta prestakuntza errazteko. Antolatzaileek argitu nahi izan dutenez, ikastaroko parte-hartzaileek ez dute enpresan lan egiten.

Nafar Lansaretik azaldu dutenez, prestakuntzarako lege berriak ahalbideratu du esperientzia publiko-pribatu hori aurrera eramatea, kasu horretan lokalak erabiltzen utziz. Ildo horretan sakondu nahi du Nafar Lansarek, prestakuntza ikasleen bizilekutik ahalik eta gertuen eman eta prestakuntza enpresen behar eta Nafarroako geografiaren ezaugarrietara egokitzeko. Horretarako, eskualdeko agente eta enpresekin harremanetan ariko da.