Gerra ondorengo nesken eskola haiena

Guaixe 2016ko ira. 2a, 13:05

Bost aktoreak eszenan. Argazkia: www.kulturklik.euskadi.eus

El florido pensil, niñas; igandean, 19:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean.

Ttanttaka antzerki taldeak gerra ondorengo mutilen eskolen martxa nolakoa zen taulan azaldu zuen Florido pensil antzezlanarekin. Neska-mutilak garai hartan klasean banatuta zeudenez, obra haren arrakastaren ondoren nesken eskoletan jazotzen zena taulara eraman du Ttanttakak. Antzezlan berriak gerraondoko Espainiako hezkuntza sistemaren krudeltasun absurdo eta zentzugabea jasaten duten bost neskatoren egunerokoa kontatzen du.

Eskola gizartearen eta horren ideologia menderatzailearen isla zen. Ideologia horrek Erdi Aroko patriarkaturik sakonena berreskuratu eta azken ondorioetaraino ezartzea erabaki zuen. Emakumeak izan ziren ekintza moralizatzaile horren helburu; izan ere, ezkontzea eta etxeko lanak egitea zen beren berezko bidea. Eta beren ibilbide profesionala, familia osatzea eta seme-alabak edukitzea. Horretan bat zetozen ia guztiak, emakumeak zein gizonak: maistra, apaiza, gurasoak, moralistak, kupletistak, eleberri arrosen idazleak, baita gimnasia-irakasleak ere. Eszena guztietan ikusiko da, batzuetan argi, besteetan itzulinguru korapilatsuen bidez, bi emakume mota baino ez zeudela: zintzoak eta besteak.

Fitxa

Zuzendariak: Fernando Bernues eta Mireia Gabilondo.

Aktoreak: Elena Irureta, Loli Astoreka, Itziar Lazkano, Teresa Calo, Gurutze Beitia