Denden erakusleihoak festaz jantziko dira

Guaixe 2016ko ira. 5a, 09:33

Peñek eta Dendarien elkarteak festak gaia duten erakusleiho lehiaketa antolatu dute. Horrekin bbatera, festa giroa sortzeko, peñetatik festetako atorrak zintzilikatzeko deia egin dute.

Altsasuko peñek eta Altsasuko Dendarien Elkarteak (ADE) erakusleiho lehiaketa antolatu dute. Gaurtik hilaren 18ra arte, festak bukatu arte ADEko dendariek euren erakusleihoak festa giroko motiboekin apainduko dituzte. Haiekin gozatzeko gonbidapena egin dute lehiaketako antolatzaileek.  Jakinarazi dutenez, hiru sari egonen dira: ADEko kide diren establezimendutarako 30 euroko hiru erosketa txartel. Horietako bat eskuratu nahi duenak Altsasuko peñen Facebook profilean sartu eta “festen giroa hobekien islatzen duen erakusleihoaren alde bozkatu dezake.”

Peñetako kideak “txupinazoa lehertzeko irrikitan” daude, “kaleak musikaz eta kolorez betetzeko”. Gaurtik aurrera altsasuarrak peñekin batera festak prestatzen hasteko gonbidapena egin dute, zehazki, horrela: “gure festen koloreak herriko balkoi eta leihoetan ipini nahi ditugu, berdea, gorria, beltza edo laukiduna. Zuen blusak armairutik ateratzera eta haizetara zintzilikatzera gonbidatzen zaituztegu. Horrela, ADEren erakusleiho ezberdinen apainketan lagunduko duzue.” Peña kideek altsasuarrak lehiaketan parte hartzera eta blusak erakustera animatu dituzte.

Altsasuko Dendarien Elkartetik “altsasuar guztiak gure herriko kaleak, balkoiak eta dendak festa kolorez apaintzera” animatu dituzte. Azaldu zutenez, “festa giro soziala eta komertziala sortzea eta partekatzea lortu nahi dugu, horrela, helburu komunak, herritar eta bisitariekin partekatuz.” Aldi berean, ADEtik honako deia egin dute: “errespetuzko, berdintasunezko eta partekatzeko festengatik… animatu eta kalera atera! Guztiok irabazten dugu!”