47. Otadiko Kristo Deuna Txapelketa, abian

Guaixe 2016ko ira. 2a, 12:00

Bihar txapelketako lehen finalerdia jokatuko da Altsasuko Burunda pilotalekuan, 22:00etatik aurrera. Peñas eta Ongay elkarren kontra ariko dira

Bihar, larunbatean abiatuko da Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) antolatutako 47. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoa. Zehazki, torneoko lehen finalerdia izango da bihar jokatuko dena. Bigarren finalerdia irailaren 10ean jokatuko da eta txapelketako final handia Altsasuko festetan, irailaren 18an, igandearekin, 18:00etan hasiko den jaialdian.

Torneoa ostegun arratsaldean aurkeztu zuten Sociedad Deportiva Alsasuako ordezkariek, Jone Fresneda presidente berria eta Carlos Villalobos presidente ordea buru zirela, eta Nafarroako Pilota Federazioko zuzendari Iñaki Sainzek. Pilota torneoarekin batera, Altsasuko festetan jokatuko den afizionatuen mailako 87. Altsasu Txirrindularitza Proba aurkeztu zuten. SDAko txirrindularitza ardura duen Felix Mazkiaranek eman zituen argibideak. Altsasuko alkate Javi Ollok ere parte hartu zuen aurkezpen ekitaldian.

Aurkezpenean aipatu zutenez, Altsasuko pilota torneotik egun puntako pilotariak direnak pasatu izan dira, eta afizionatuen torneo kuttunenetakoa da. Aurten ere puntako pilotariak ariko dira, sakandarrak tartean. Lehen torneo luzeagoa izaten zen baina krisiaren eraginez orain bi finalerdi eta final handia jokatzen dira. Aurreko edizioan 22 urtez azpiko mailan Laso eta Olaizola izan ziren txapeldunak, Ansa altsasuarrari eta Otaduyri 22 eta 13 irabazita. Eta eliteetan Arrietak eta Imazek jantzi zituzten txapelak, Ongai satrustegiarra eta Linzoain bidean utzita.

Bihar jokatuko den lehen finalerdia Etxarri Aranatz, Olazti eta Arbizuko pilotako eskoletako pilota partida batekin hasiko da. Ondoren hasiko da Otadiko Kristo Deuna Txapelketa. Aurten, 22 urtez azpikoak lau t´erdian ariko dira. Huarte taldeko Espinalek Zugarraldeko Anso izango du aurkari. Nagusien mailako finalerdian Iriarteren (Buruzgain) eta Peñasen (Huarte) kontra ariko dira Alberto Ongay satrustegiarra (Irurtzun) eta Martinez (Bortziriak). Ea, aurreko urtean bezala, Ongayk finaletan egoterik duen.

47.Otadiko Kristo Deuna Torneoa
Lehen finalerdia (larunbatean, 22:000etan, Altsasuko Burunda pilotalekuan)

Eskolen partida: Mentxaka-Goikoetxea / Otxoa Petriati
Lau t´erdian: Espinal (Huarte) / Anso (Zugarralde)
Binaka: Iriarte (Buruzgain)-Peñas (Huarte) / Ongay (Irurtzun)-Martinez (Bortziriak)