Altsasuk baditu lehen finalistak

Guaixe 2016ko ira. 5a, 09:30

Ongay-Martinez eta Eskiroz-Iriarte Urrestarazu epailearekin, partida hasi baino lehen. Argazkia: Guzman.

47.Otadiko Kristo Deuna Torneoko lehen finalerdian Alberto Ongayk ez zuen finalerako txartela lortu

47.Otadiko Kristo Deuna Torneoa. Lehen finalerdiko emaitzak
Eskolen partida: Mentxaka-Goikoetxea 7 / Otxoa-Petriati 22
Lau t´erdian: Espinal (Huarte) 18 / Anso (Zugarralde) 11
Binaka: Iriarte (Buruzgain)-Eskiroz 22  / Ongay (Irurtzun)-Martinez (Bortziriak) 14

47. Otadiko Kristo Deuna Torneoko bigarren finalerdia
Larunbatean, hilak 10, 22:00etan Burunda pilotalekuan
Eskolen partida: Olaetxea-Lazkoz / Nazabal-Ganboa
Lau t´erdian: Olano (Irurtzun) / Elizalde (Bortziriak)
Binaka: Ansa (Oberena)-Gorriti (Erreka) / Arrieta (Hernani)-Lasa (Erreka)

Larunbatean hasi zen Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) antolatutako 47.Otadiko Kristo Deuna Torneoa, afizionatuen mailako torneo ezaguna. Etxarri Aranatz, Olazti eta Arbizuko pilota eskoletako pilotarien partida batekin eman zitzaion hasiera jaialdiari, pilotazaleak . Otxoa eta Petriati izan ziren nagusi. 7 tantotan utzi zituzten Mentxaka eta Goikoetxea. Ondoren hasi zen 47.Otadiko Kristo Deuna Torneoko lehen finalerdia.
22 urtez azpikoak aritu ziren lehenengo, lau t´erdian. Huarte Iruñeko Espinalek eta Zugarraldeko Ansok ikuskizun polita eskaini zuten ordu erdi iraun zuen partida onean. Erritmo bizia izan zuen partidak 10. tantora arte, baina hortik aurrera Espinalek hartu zuen agintea eta bukaerara arte nagusitu zen, mota guztietako jokaldiak eginez. Azkenean, irailaren 18ko finalerako sailkatu Zen Espinal.

Bukaeran, maila nagusian, bi bikote lehiatu ziren. Buruzgaingo Iriartek Peñas ordezkatu zuen Eskiroz izan zuen bidaide Irurtzun klubean dabilen Ongay satrustegiarraren eta Bortziriak taldeko Martinezen kontra aritzeko. Oso partida entretenigarria izan zen, pilotazaleen gustukoa, lehen zatia bereziki. Ongay eta Martinez hasi ziren aurreratzen eta 10 eta 13ko aldea izan zuten. Baina Eskirozek agintea hartu zuen eta Iriarteren laguntza bikainarekin 22raino jo zuten. Martinez ongi aritu zen eta lehen zatian Alberto Ongay baita ere, baina satrustegiarrak ez zuen erremateetan asmatu eta sarritan azkarregi aritu zen, presa gehiegirekin. Tamalez, satrustegiarrak ezingo du finalean egon, Iriartek eta Eskirozek lortu baitute finalerako txartela.

Larunbatean, irailaren 10ean, txapelketako bigarren finalerdia dago jokoan. Tartean ariko dira sakandarrak. Lau t´erdian Irurtzun klubeko Olanok Elizalde izango du aurkari, eta nagusien mailan Oberenan dabilen Ansa altsasuarrak eta Errekan dabilen Gorriti uhartearrak Hernaniko Arrieta eta Erreka klubean dabilen Lasa etxarriarra izango dituzte aurkari. Ea puntako partidak eskaintzen dituzten.