Altsasuko Udalak gaur banatu ditu festetako kartel lehiaketako sariak. Helduen mailan 16 lan aurkeztu ziren lehiaketara. Epaimahaiak hiru aukeratu zituen eta herri bozketa bidez irabazlea Xabier Mendia Diezen Biraka dantzan kartela zela erabaki zen. Haren alde 222 pertsonak egin zuten (%57). Egunez eta gauez, koloreak jaietan, dantzan! Izenburuko kartelak botoen %32 eskuratu zituen eta Udazken koloreak, berriz, %10. 26 urteko arkitekto altsasuarra da festetako egitarauko azaleko irudiaren egilea. Eta badaki zer den hori, 2010ean eta 2013an saria irabazi baitzuen. Lanean zegoelako sari banaketan ezin izan du egon eta bere anaia Julenek jaso du.
Haurren mailan 145 lan aurkeztu ziren. Epaimahaiak saria eta, beraz, festetako egitarauko kontra-azalean agertzeko ohorea Madi Lizarraga Senarri eman dio. 13 urteko neskak dantzari bikote batez, trikitixaz eta panderoaz osatutako kartela aurkeztu zuen. Haurren mailan adin maila handia hartzen denez, 16 urtera arte, epaimahaiak aipamen berezia ematea erabaki zuen. Aurkeztutako lanen artean 25ek zuten horretarako aukera eta, azkenik, June Otxoa Diazen lanaren alde egin zuten.