Monitoreek euskararen erabilpenean asko egin dezaketelako

Guaixe 2016ko ira. 7a, 11:53

Mank-ek Altsasuko kirol eskoletako eta Ataboko 19 monitoreei “Hezitzaileek asko egin dezakete” tailerra eskaini die, ikastaroetan euskararen erabilpena sustatu dezaten

Ikasturte hasieran gaude eta berehala hasiko dira denboraldi berriko kirol ikastaroak. Sakanan jende askok egiten du kirola eta asko dira kirol ikastaroetatik pasatzen direnak. Ikastaro horietan ere euskara sustatzearen garrantziaz jabetuta, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak, Altsasuko Udaleko Kirol Zerbitzuaren laguntzarekin, “Hezitzaileek asko egin dezakete” izeneko lau orduko iraupeneko ikastaroa antolatu zuen agorrilaren bukaeran, Zelandi kiroldegian. Bertan Altsasuko kirol eskoletako eta Ataboko 19 monitorek hartu zuten parte, euren entrenamendu eta klaseetan euskara sustatzeko erramintak, estrategiak eta tresnak lantzeko.

“Ikastaroaren helburua da kirol jardueretan euskararen erabilera sustatzea, eta, horretarako, hainbat estrategia eta tresna eskaini zaizkie monitoreei, neurri handi batean haien esku baitago entrenamenduetan erabiltzen den hizkuntza. Hori dela eta, monitoreei aukera eman zaie bideo grabazioen bidez egoera errealeko adibideak ikusteko eta jolas eta dinamiken bidez estrategiak praktikan jartzeko” adierazi dute Mank-eko euskara teknikariek.

Ikastaroen hizkuntza erabakitzeko
Mank-ek kirol ikastaroen hizkuntza erabakitzeko orduan hainbat jarraibide ditu. Ikasleen %100 euskalduna bada, ikastaroa euskaraz izanen da. Ikasleen erdiak baino gehiagok euskara ulertzen badute, ikastaroa nagusiki euskaraz izanen da eta begiraleak premiazkoa ikusten duenean laburpena edo azalpen batzuk gaztelaniaz emango ditu. Eta bakarka zuzentzerakoan norberaren hizkuntza-aukera errespetatuko du. Ikasleen erdiak baino gutxiagok ulertzen badute euskara, ikastaroa nagusiki gaztelaniaz izanen da baina monitoreak euskarari sarbidea emanen dio –agurrak, zenbakiak, animozko hitzak…– eta euskara ulertzen dutenei bakarka zuzentzean euskaraz eginen die monitoreak.