Haur eskolako lanak bi aste barru hasiko dira

Guaixe 2016ko ira. 7a, 11:12

Navarro Villoslada eraikina zena haur eskolarako egokituko dute.

Navarro Villoslada eraikina zena udal haur eskola hartzeko lanak bi aste barru hasiko dira. Horixe jakinarazi digu Javier Ollo Martinez alkateak. Erabakia ostiralean hartu zuen udalak eta heldu den astean Arbeloa eraikuntza enpresarekin kontratua sinatuko du. Lanek abenduko bigarren hamabostaldirako despeditu beharko ditu. Aurreikusitako lanen herena egina dago, baina lanak 2011tik geldi daude.

Lanen truke 424.000 euro (BEZ kanpo) jasoko ditu enpresak. Haur eskolen lanen aurrekontua ordaintzeko Altsasuko udalak  modulu prefabrikatuen sutearen ondoren aseguruak emandako diruaren 285.270 euro ere bideratuko dira. Baita Nafarroako Gobernuak emandako 250.000 euroko diru-laguntza ere.

Bestalde, alkateak azaldu digunez, udal aurrekontuetan jasoak zeuden Zelandi eskolaren komunen berritzea heldu den astean despedituko da. Lanak, azkenik, Gipuzkoako enpresa batek egin ditu, bertakoei prozedura negoziatu bidez eskaini eta hartu ez dutelako. 29.000 euroko inbertsioa izan da.