21 talde 3x3 Saskibaloi Torneoan

Guaixe 2016ko ira. 8a, 10:49

Alipendik Zelandin antolatutako 3x3 Saskibaloi Torneoa arrakastatsua izan zen

Aurreko urtean saskibaloi zale altsasuar batzuk 3x3 Streetball basket txapelketa antolatu zuten Altsasuko Gaztetxoko ondoko parkean. 9 talde lehiatu ziren eta giro polita izan zen. Jendea gogoz geratu zen eta aurten, talde gehiagok izena emango zutelakoan, txapelketa Zelandi kiroldegian antolatzea erabaki zuten. Txapelketa antolatzearen ardura Araiako Alipendi Saski taldeak hartu du. “Bertan aritzen gara sakandar batzuk. Araiako kiroldegian ez daude horrenbeste saski eta horregatik Zelandin antolatzea erabaki genuen” adierazi digu antolatzaileetako batek, Saracibarrek. Horrela, larunbatean jokatu zen Alipendi-Altsasu 3x3 Saskibaloi Torneoa. Izenak dioen bezala, 3 saskibaloi jokalariz osatutako taldeak lehiatu ziren.

Txapelketa, zozketak…
Erantzuna bikaina izan da. Emakumezkoen mailan 4 talde lehiatu ziren eta maila librean 17 talde, Sakanakoak, Iruñekoak eta Arabakoak gehienak. Sekulako giroa egon zen Zelandin eta zale asko gerturatu ziren partidak jarraitzera. Djak eta speakerrak bikain girotu zuten ekitaldia.
Emakumezkoetan Panathimancas taldeak irabazi zuen eta maila librean Vodka juniors taldeak, biak Iruñekoak. Irabazleek 100 euro jaso zituzten eta bigarrenek produktu loteak. Horretaz gain, saskibaloi jokalari ezagunek utzitako kamisetak zozketatu ziren parte-hartzaileen artean. Guztiak kontentu geratu ziren txapelketarekin eta antolakuntzarekin.

Hurrena ekainean
“Gure helburua saskibaloia sustatzea da, saskibaloian aritzea gustuko dugunak bildu eta egun polita pasatzea. Saskibaloiak zale asko ditu Sakanan. Jende dezente aritzen da Nafarroako edo Arabako taldeetan edo bere kabuz eta jende asko doa ere Basket Navarra eta Saski Baskoniaren partidak ikustera. Kontua da Nafar Kirol Jolasetatik aparte hemen ez dela txapelketarik antolatzen, eta horregatik bururatu zitzaigun guri txapelketa hau antolatzea. Erantzun ona izan du, baina badakigu ere badagoela etortzerik izan ez duen jendea, euren taldeekin denboraldi berriari ekin diotelako.

Horregatik hurrengo urtean ekain aldera antolatu nahi dute txapelketa. “Pentsatzen dugu hobe izango dela ikasturte bukaeran egitea, hasieran baino” gaineratu du Saracibarrek.