Altsasuko festak 2016

Etxajua zeinek piztu, erabakita

Guaixe 2016ko ira. 8a, 08:39

Aurten Altsasuko EHBilduri tokatzen zaio festetako txupinazoa botatzea. Koalizioak ardura hori Gure Esku Dago taldeari ematea erabaki du. Udal taldeko kideak aldamenean zituela, koalizioko bozeramaile Arantza Bengoetxeak azaldu zuenez, “urtetan esan dugun bezala, uste dugu talde politikoek baino, herriaren alde era batera edo bestera lan egiten duten altsasuar eta kolektiboek merezi dutela festei hasiera emateko ohorea, haiek baitira gure herria hobea izan dadin haien hoberena ematen dutenak”.

Pentsaera horri segituz, “proposamenak jaso eta gure oinarriek erabaki zuten era demokratikoan” aurtengo festen hasierako suziria Gure Esku Dagok piztea. Erabakiaren zergatiak azaldu zituen Bengoetxeak: “Alde batetik, eskubide demokratikoen alde egiten ari diren lan izugarria aipatu nahiko genuke. Izan ere, erabakitzeko eskubideari buruz ari garenean demokraziari buruz ari gara. Demokrazian sakontzea hain garrantzitsua den une hauetan, talde honek altsasuar guztien bilgune izan daitekeen erabakitze eskubidearen alde egiten duen lana mirestekoa iruditzen zaigu.

Bestik, gogorarazi zuen “eskubide demokratiko honen alde herrian eztabaida, antolakuntza eta elkarlana” sustatzen dituztela. Eta, azkenik, Gure Esku Dagok heldu den urterako herri galdeketa iragarri duela nabarmendu zuen. “Erabakitze eskubidea Altsasun bertan gauzatu nahi dute. Uste dugu kontsulta egiteko prozesua herritar guztiak, bakoitza bere ezberdintasunetik, elkartu eta elkarlanean aritzeko proiektu interesgarria dela, eta era honetan gure bultzadatxoa eman nahi diogu”. Gure ustez, giltzarria da herriari hitza ematea, hau da, bere erabakiak hartzeko tresnarik garrantzitsuena ematea. Taldearen kantari aipamena eginez, koaliziokoek “festetan zehar jende zoriontsua, herri libre batean izango garela” espero dute.