Auzo-konpostagailua hautsita

Guaixe 2016ko ira. 8a, 16:36

Altsasuko Otaiko auzokonpostagailua erabiltzen duten 30 etxeetako altsasuarrak haserre daude, materia organikoa haiek nahi bezala kudeatzen uzten ez dielako bakarren batek (edo batzuk). Larunbat gauean konposta iraultzeko eta oxigenoa sartzeko iraul-gailua lapurtu dute, bigarrenez. Horretarako, auzokonpostagailua osatzen duten oholetako bat eraman dute. Bi astetan bigarren aldia da iraul-gailua lapurtu dutena. Aurreneko aldian, gainera, tresnarekin batera materia egituratzailea botatzeko pala eraman zuten.

Maiatzaren 16an geroztik ari dira materia organikoa auzo-konpostagailuaren bidez kudeatzen.
Sakanako Mankomunitateko hondakin bilketa zerbitzutik jakinarazi dutenez, “konposta ongi egiten ari da eta, dagoeneko, konpostagailu erdia beteta dago. Itxuraz kalitate ona dauka: inpropio oso gutxi eta usainik eta ez.”

Otaikoa Altsasun dauden bi auzokonpostagailuetako bat da. Bestea, zabalgunean dago. Hasieran haur eskolaren ondoan jarri zuten baina Auzobide kalera aldatu dute, rokodromoaren ondora. Hartan 20 etxebizitzatako hondakinak kudeatzen dira eta hondakin bilketa zerbitzutik jakinarazi dutenez, beste 10 etxebizitzak aukera dute han materia organikoa kudeatzeko. Jakina denez, udalarekin sinatutako akordioaren ondoren, Mank-ek festen ondoren Altsasun bosgarren edukiontzia jartzeko informazio kanpaina abiaraziko du.