Historia egin duen irakasleari, eskerrik asko!

Maria Flores Bengoetxea, Altsasu BHIko irakasleak 2016ko ira. 9a, 08:00

kolaboratzaileak

Sakanako ikasleek ikasturte berriari ekin diote aste honetan.  Altsasu BHIko ikasleek, ordea, ez dute Franzisen ahotsa entzungo, lanean jardundako 40 urte emankorren ondoren agur esan baitigu, ondo merezitako erretreta hartzeko.

Arakamak egindakoaz historia liburu luzea idatz daiteke. Hona soilik hiru gako ekarriko  ditugu:
Batetik, bere ezagutza sakon, zehatz eta kritikoa arte, historia eta geografian. Ezagutza hori bizi-bizirik ematea izan du gogoko, edozein une, artelan, etxe, herriren aurrean mementoko jario etengabe miresgarrian. Urtetako ikerketa lan eskerga agerian uzten du oharkabean, une oro.

Bestetik, beti prest lan egiteko: irteerak prestatu, hitzaldiak antolatu, ikasleei eskolaz kanpoko  denbora eskaini, tutore-lan fina egin, hezkuntza-baliabideak eskatu, garbitzaileen murrizketak salatu, teknologia berrietara egokitu, ikasketa-bidaietara joan, Agenda 21, ikastetxeko korua …. beti prest.

Azken gakoa, Sakanako ikasle eta hezkuntzarekiko izandako konpromiso serioa. Lanbide Heziketan, bere urte emankorrenetan, 70eko hezkuntza-korronte berriak Sakanako ikasleekin partekatu zituen, aldarrikapen eta protestekin batera. Ondoren, batxilergorako pausoa eman zuen, euskaraz alfabetatu eta erreformara egokituz Mikel Donea Institutuan. Beti Sakanako gazteengan jakin-minaren eta euskaltzaletasunaren hazia ereiten aritua.

Horregatik, Sakanan egindako lan oparo eta eskergarengatik, eskerrik asko, Franzis!