Altsasun bigarren finalisten bila

Guaixe 2016ko ira. 9a, 14:05

Gorriti, Altsasuko torneoko aurreko edizio batean.

47.Otadiko Kristo Deuna Torneoko bigarren finalerdia jokatuko da bihar, 22:00etan, Burunda pilotalekuan. Ansak eta Gorritik bikotea osatuko dute

Aurreko larunbatean 47. Otadiko Kristo Deuna Torneoko lehen finalerdia erabaki zen eta bihar bigarren finalerdia izanen da jokoan jarriko dena. Aurreko asteko ikuskizun bikaina errepikatzeko asmoarekin aterako dira kantxara torneoan lehiatuko diren pilotari afizionatuak.

22 urtez azpikoan lau t´erdian Zugarralde klubeko Olano eta Bortziriak taldeko Elizalde ariko dira nor baina nor. Irabazleak Espinal (Uharte) izango du aurkari irailaren 18ko finalean. Eta maila nagusian, binakakoan, puntako partida jokatuko da. Batetik, Oberenan dabilen Ansa altsasuarra eta Erreka klubeko Jon Gorriti uhartearra izango ditugu, sakandar bikote sendoa. Bestetik, Hernani klubeko Arrietak eta Buruzgain klubeko Landiribarrek osatutako bikoa. Irabazleek Iriarte eta Eskiroz dituzte zain finalean. Ea pilotazaleek gozatzen duten eta sakandarrek egiten duten aurrera.

Jaialdia baino lehen gazteen mailako partida jokatuko da, Arbizu, Etxarri Aranatz eta Olaztiko pilota eskolako pilotarien artekoa.

47. Otadiko Kristo Deuna Torneoko bigarren finalerdia
Bihar, larunbatean, 22:00etan, Burunda pilotalekuan
Gazteen partida: Olaetxea-Lazkoz / Nazabal-Ganboa
Lau t´erdian: Olano (Zugarralde) / Elizalde (Bortziriak)
Binaka: Ansa (Oberena)-Gorriti (Erreka) / Arrieta (Hernani)-Landiribar (Buruzgain)