87. Altsasu Txirrindularitza Proba, hastear

Guaixe 2016ko ira. 15a, 08:21

10:00etan hasiko da SDA-k antolatutako afizionatuen mailako lasterketa. Ibilbidea aldatu dute, txirrindulariak herrigunetik sarriago pasatzeko. 10 aldiz pasako dira herritik, gutxi gora behera ordu erdiro.

Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) Altsasuko festetan antolatzen du afizionatuen mailako txirrindularitza lasterketa, Altsasuko Udalaren eta hainbat entitate eta babesleren laguntzarekin. Lakuntzakoa antolatzen utzi zenetik, Sakanan antolatzen den afizionatuen lasterketa bakarra da. Estatuko proba beteranoena denak aurten nobedadeak izanen ditu, besteak beste ibilbidea aldatzea erabaki baitute SDA-ko arduradunek. Lasterketa gaur jokatuko da, ostegunean, Altsasuko festetako bigarren egunean, goizeko 10:00etatik aurrera. Ordu bata inguruan despedituko dela aurreikusten da, 124,3 km osatu eta gero. 23 urtez azpiko eta elite mailako txirrindulari afizionatu onenak bilduko dira, probak Euskaldun Txapelketa erabakiko baitu. Tartean izanen dira Rural Kutxa talde sakandarreko txirrindulariak.

Lasterketa aurreko ostegunean aurkeztu zuten SDA-ko ordezkariek, Jone Fresneda presidente berriak, Carlos Villalobos presidente ordeak eta txirrindularitza ardura duen Felix Mazkiaranek. Altsasuko alkate Javi Ollok ere parte hartu zuen ekitaldian, Nafarroako Pilota Federaziozko zuzendari Iñaki Sainzekin batera, ekitaldi berberan 47. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoa aurkeztu baitzuten.

87. Altsasu Txirrindularitza Proba espainiar estatuko “beteranoena, zaharrena, egun jokatzen ari den Espainiako Vuelta baina zaharragoa” dela nabarmendu zuen Carlos Villalobosek. Euskaldun Txapelketarako baliagarria den azken proba da Altsasukoa, txapelketa erabakitzen duena, eta urte luze hauetan gerora profesional handiak izan diren txirrindulariak pasatu izan direla bertatik: Valverde, Indurain anaiak –Pruden Indurainek irabazi zuen Altsasu Txirrindularitza Probako edizioetako bat–, Martin Jose Zelaia altsasuarrak eta beste hainbatek.

Azken urteetako edizioetan Altamira hirutan eta Lizarragako katea bitan igotzen zen, baina aurten lasterketako ibilbidean aldaketak egitea erabaki du SDA-ko zuzendaritzak, “lasterketa festetara gehiago hurbiltzeko. Txirrindulariak aldi gehiagotan pasako dira Altsasutik, 10 aldiz guztira, eta probak presentzia askoz ere handiagoa izango du herrian” azaldu zuen Felix Mazkiaranek. Horrela, Lizarragako kateko igoera bertan behera gelditu da eta Altamira bi aldiz gehiago gainditu beharko dute txirrindulariek, 5 aldiz guztira. Horretaz gain, Urdiaindik igerilekuetako bidea hartuko dute bitan, San Pedrotik Altsasura heltzeko, eta azkenengo kilometroak Ameztian eta Ibarrean egingo ditu lasterketak, Lanbide Heziketa Institututik San Juan kalera joan eta bertatik helmugara iristeko, Sociedad Deportiva Alsasuaren egoitzara, Altzania kalera.