47.Otadiko Kristo Deuna Torneoan sakandarrek kale

Guaixe 2016ko ira. 12a, 13:28

Ansak eta Gorritik 20 eta 22 galdu zuten Arrietaren eta Landiribarren kontra. Lau t´erdian, Olanok Elizalde utzi zuen bidean

47. Otadiko Kristo Deuna Torneoko bigarren finalerdiko emaitzak
Gazteen partida: Olaetxea-Lazkoz 14 / Nazabal-Ganboa 22
Lau t´erdian: Olano (Zugarralde) 18/ Elizalde (Bortziriak) 16
Binaka: Ansa (Oberena)-Gorriti (Erreka) 20 / Arrieta (Hernani)-Landiribar (Buruzgain) 22

Larunbatean Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) antolatutako 47.Otadiko Kristo Deuna Torneoko bigarren finalerdia jokatu zen Altsasuko Burunda pilotalekuan. Hasieran gazteen mailako Etxarri, Olazti eta Arbizuko pilota eskolen partida jokatu zen. Nazabalek eta Ganboak 22 eta 14 irabazi zieten Olaetxeari eta Lazkozi.

Ondoren abiatu zen 47. Otadiko Kristo Deuna Torneoko bigarren finalerdia. 22 urtez azpikoan lau t´erdian lehiatu ziren Olano (Zugarralde) eta Elizalde (Bortziriak). 40 minutu iraun zuen partida oso entretenigarria izan zen. Olanok 3 tanto egin zituen sakez eta Elizaldek 4. Bi pilotariak parez pare aritu ziren baina lehen zatian Elizaldek dominatu zuen gehiago. 16ko berdinketaren ondoren, aldiz, Olanok luze jokatu zuen eta bere alde eman zuen partida. Igandean jokatuko den final handian, Olanok Espinal izango du aurkari.  

Eliteen mailako bigarren finalerdian bikote sakandar bat lehian izan genuen. Ansa altsasuarrak (Oberena) eta Gorriti uhartearrak (Erreka) Arrieta (Hernani) eta Landiribar (Buruzgain) izan zituzten aurkari. Partida ona eskaini zuten lau pilotariek. Tantoak oso borrokatuak izan ziren eta aurreko koadroetan mugimendu asko izan zen. 63 minutuko partidan, Arrietak bi tanto egin zituen sakez eta Ansak falta bat. Pilota zaleek gozatu ederra hartu zuten pilotariekin, dena eman baitzuten. Arrietak eta Landiribarrek hartu zuten aurrea: 9 eta 1 aurreratu ziren. 12 eta 5 gerturatu ziren Ansa eta Gorriti, eta aurrerago 18 eta 15 hurbildu ziren sakandarrak. Lehia puri-purian zegoen orduan. Nabarmentzekoa da 20 eta 17 tantoa: atzelariek sekulako lana egin zuten eta jokaldi ederrak ikusi izan ziren tanto horretan. Zaleek etengabe txalotu zuten eta, azkenean, Ansarendako eta Gorritirendako izan zen tantoa. 20 eta 19 eta 21 eta 20 gerturatu ziren sakandarrak, baina, tamalez, garaipena ez zen etxean geratu, Arrietak eta Landiribarrek finalik gabe utzi baitzituzten Ansa eta Gorriti, 22 eta 20 gailendu eta gero. Arrietak maila bikaina eman zuen eta aurreko urtean bezala, finalerako sailkatu zen. Igandeko finalean Iriarte eta Eskiroz izango dituzte aurkari.