Sexu erasoen aurka elkar hartuta

Guaixe 2016ko ira. 16a, 09:20

Tailerreko parte-hartzaile eta sustatzaileak.

Festetarako irizpideak ematen dituen gida argitaratu dute, “emakumeen giza eskubideen kontrako arazo sozial larrienetariko bati” erantzuteko. Nabarmendu dutenez, “arazoa soziala da, ez norberarena eta ezabatzeko ardura pertsona guztiona da”

Altsasu: sexu erasorik gabeko festen alde kanpainaren barruan udalaren Emakume eta Berdintasun Batzordeak festen aurretik tailer irekia antolatu zuen. 17 pertsona elkartu ziren, gazteak gehienak, prebentzioa landu eta erasoei denen artean erantzuna nola eman erabakitzeko. Irailaren 1eko eta 2ko saioetako lanaren ondorio da batzordeak publiko egin duen Gida. Hartan udalaren, gizarte eragileen eta altsasuarren jarduerak biltzen dira.

Gidak lau helburu garbi ditu: sexu erasoak saihestea; altsasuarrak sentsibilizatzea, sexu erasoak emakumeen kontrako indarkeriaren isla direla eta eraso horiek denen ardura direla; eraso bakoitzaren aurrean erantzun egokia nola eman jakinaraztea eta, azkenik, erasotutako emakumeari arreta hobea nola eman nola koordinatu jakinaraztea.

Festetan sexu erasoa emanez gero zein erantzun emanen den aurreikusten du gidak. Udalaren, mugimendu feministaren eta herri mugimenduaren kideek osatutako koordinazio mahaia eratuko da. Erasotuaren borondatea beti kontuan izanen du. Erasoa publiko egin bada mahaiak herritarren erantzuna antolatuko du. Festa gunean eman daitezkeen erantzunez gain (megafonia mezuak, itxiera puntualak…) elkarretaratzerako deialdia ere aurreikusten da. Ospakizunen ondoren mahaia, atzera ere, bilduko litzateke.

Sexu erasoen intentsitatea
Gidan argi eta garbi jasoa dago zer diren sexu erasoak: “pertsona batek beste batengan ezarritako nagusikeria da: ez da gaizki-ulertu bat, ezta gatazka bat”. Pertsona guztiak ezberdinak garela kontuan hartzen du eta erasoa “pertsona bat erasotua sentitzen denean” ematen dela ziurtatu dute gidaren egileek. Argi utzi dute ez drogek ezta bestelako jarrerek ere ez dutela erasoak justifikatzen.

Jendarteari, patriarkatuari erreparatu diote ere: “botere harremanetan sustatzen den sistema bat da, gizonak egoera pribilegiodun batean ezartzen dituena. Era honetan, gizonek duten eskubide-sailak, nagusitasun posizio bat ezartzen ditu. Honek ez du esan nahi gizon guztiek botere hau gauzatzen dutenik, baina erabiltzeko ahalmena dutela pentsatuz hezi daitezke”. Erasotutako pertsonak “biktima pasiboak baino, bizirik irauten duten pertsonak” direla gogorarazi dute. “Horregatik, beti beraien baimenarekin jardungo dugu, beren iritzi pertsonala errespetatuz”.

Gidan intentsitate altuko eta baxuko sexu erasoak zein diren zehaztu dituzte. Aurrenekoen artean daude kolpeak, jipoiak, bortxaketa-ahalegina, bortxaketa eta erailketa. Baxuen artean, berriz: gustukoak ez diren begirada eta jarrerak, baimenik gabeko ukitzeak, unatzea, kontrolatzea, jarrera jeloskorrak, mehatxuak,  xantaiak, iraingarriak edo laidogarriak diren esamesak, ahozko gehiegikeriak, burlak, irainak, mespretxuak, desiragarriak ez diren piropoak hauen helburua pertsona edo talde bat irrigarri uztea denean, o nartuak ez diren kontaktu fisikoak, ukitze ezerosoak, pertsonarentzat ezatseginak direnean edo sinbolo sexista iraingarrien erakusketa.


Intentsitate baxuko eraso baten aurrean zer egin?
Norbait eraso dutela esanez etortzean, tabernan edo kalean norbait erasotzen edo molestatzen ari direla ikustean.
1. Erasotutako emakumea bazara, eskatu laguntza zurekin dagoenari edo barrakoari.

2. Beste pertsona bat bazara:  aztertu kasua eta errespetatu emakumearen erabakia, intimitatea eta konfidentzialtasuna.   

3. Laguntzarik behar ote duen galdetu. Ezetz esaten badu, ez gara tematuko.  

4. Baietz esaten badu, gure laguntza eskainiko diogu.  Horretaz gain, udaltzaingoaren telefonoa emango diogu (636458016), nahi badu, eskura zer baliabide dituen galde dezan.  

5. Erasotzaileari jai eremutik, tabernatik…joateko eskatu.  Kasurik egiten ez badu, ahalik eta jende gehien elkartu, festa-eremutik kanporatzeko.


Intentsitate altuko eraso baten aurrean zer egin?
Eraso sexista bat ikusten dugunean edo norbait laguntza eske hurbiltzen denean

1. Erasotutako emakumea bazara, eskatu laguntza zurekin dagoenari edo barrakoari.
2. Eraso sexista bat ematen ari dela ikusten baduzu, erasoa jasaten ari denarengana jo eta laguntzarik behar duen galdetu.   Inor hurbiltzen bazaizu laguntza eskatzera, lehentasuna eman.
3. Arretaz eta errespetu handiz entzun.   Babes emozionala eskaini, eta ez utzi bakarrik.   
4. Premiazko laguntza behar badu, deitu: 112 telefonora edo Udaltzaingora (636 458 016). Egon berarekin horiek iritsi arte eta erasotzailea identifikatu.  
5. Momentuan bertan laguntzarik behar ez badu, salaketa jarri nahi duen ala ez galdetu. Salaketa jarri nahi badu 112 telefonora hots egin.
6. Bortxaketa izan bada, azaldu behar diozu ez duela arropa aldatu behar edo bere burua garbitu behar; aho-bortxaketa izan bada, ez duela jan edo edan behar, erasotzailea identifikatzeko eta zigortzeko frogak desagertu daitezkeelako.

Ez badu salaketarik jarri nahi
7. Udaltzaingora, ospitalera edo osasun-zentrora jo behar badu, jakin behar du  ofizioko salaketa izapidetu behar dutela.
8. Udaltzaingoaren telefonoa eskaini (636 458 016) zer zerbitzu eta baliabide dauden jakiteko.

Ez badaki salaketa jarri ala ez.
9. Esan ezin dituela frogak desagerrarazi zer egin behar duen erabaki arte.
10. Udaltzaingoaren telefonoa eskaini (636 458 016) zer zerbitzu eta baliabide dauden jakinarazi diezaioten.


altsasun.erasorikez@gmail.com
Altsasuko mugimendu feministako kide batek kudeatzen duen kontua da eta han festetan gertatutako erasoen berri eman daiteke. Identitatea gorde nahi duenari honako eskaera egin diote: “saiatu zaitez informazioa ahalik eta argien ematen; izan ere, asmoa da errealitatea ahalik eta ondoen ezagutzea aldatu ahal izateko”.  

Zabalkundea
www.altsasu.net, Facebook eta Twitter sare sozialetan eta tabernetan zabaldu da gida. Eraso larri baten aurrean zer egin jakinarazten duten kartelak jarri dituzte tabernetako komunetan .