Biharko herri bazkarian 800 pertsona elkartuko dira. Antolatzaileek hasieran 700endako prestatuta zuten, baina azken uneko eskaera kopurua ikusita beste 100 pertsonari jaten ematea erabaki dute. 2012az geroztik egiten den herri bazkaria Altsasuko festetako ekitaldi jendetsuena da. Herriko kultura eta kirol elkarteak arduratu dira hura antolatzeaz orain arte. Aurten hainbat arrazoirengatik ez da posible izan. Enpresa bati eman beharrean, altsasuar talde batek herri bazkaria jaio zen moduan mantentzeko ahalegina egin du: “herritik sortuta eta kudeatuta, eta herriarendako egina.”
Bazkarirako txartela dutenak jabetuko ziren atzeko aldean inkesta moduan lau aukera eskaintzen direla. Haietako bat markatu behar du bazkaltiar bakoitzak. Boto gehien eskuratzen duen aukeran inbertituko da bazkarian lortutako dirua. Honakoak dira lau aukerak: mahaiak eta aulkiak, puzgarria, txosna eta ontziteria.