Zine sasoia hastear da Altsasun

Guaixe 2016ko ira. 22a, 08:47

Iortia kultur gunea berriro ibarreko zinemazaleen bilgune bihurtzeko gero eta gutxiago falta da. Altsasuko Udaleko Kultura Zerbitzuak jakinarazi duenez, zinema denboraldi berria gaur, 19:00etan, hasiko da, gaurkotasunezko filmeen emanaldiarekin. Hasteko Ben-Hurren moldaketa berria ikusteko aukera izanen da. Lastaileko aurreneko domekatik familiarteko zinema ikusgai izanen da Iortian. Forum-zinema, berriz, ferien ondorengo asteburutik aurrera (lastailak 21). Sarrerak, dagoeneko, txarteldegian eta on-line salgai daude. 

Sinadurak
Azken zinema denboraldia maiatzaren 1ean despeditu zen, 15ean beharrean. Horrek zinemazaleen haserrea sortu zuen. Kexua azalduz eta murrizketa salatuz 87 sinadura jaso zituzten eta udalari aurkeztu. Alkateak erantzun zuen 2015-2016 denboraldian aurrekoan baino forum-zinema emanaldi gehiago izan zirela. Eta lehenago bukatzearena agenda eta aurrekontu arrazoiengatik argudiatu zuen. “70 film baino gehiago eman ditugu. Beraz, Altsasu da Nafarroan eskaintzarik zabalena duena”. Aldi berean, sasoi berriko denboraldia zabalduko zela aurreratu zien alkateak.

Kultura Zerbitzuak iragarri duenez, inoiz baino luzeagoa izanen da zinema denboraldi berria. Izan ere, gaurkotasunezko zinema garagarrilaren erdialdera arte programatuko da. Forum-zinema Aste Santura arte (apirila erdialdea) izanen da. Familiarteko zinema, azkenik, apirileko azken igandera arte izanen da.

Zinema ordutegiak
Gaurkotasunezko filmak: ostegunetan, 19:00etan, ostiraletan 22:00etan eta domeketan 20:10ean.
Forum-zinema: ostiraletan, 21:45ean eta domeketan, 20:00etan.
Familiarteko-zinema: domekak, 17:00etan.

Sarrerak eta abonamenduak
Sarrera orokorra
Gaurkotasunezko eta zineforum-eko filmak: 5 euro.
Familiarteko zinemarako sarrera: 3,5 euro.

Aldez aurretik erosita
Gaurkotasunezko eta zineforum-eko filmak: 4,5 euro. 
Familiarteko zinemarako sarrera: 3 euro.

Ikasle eta langabetuek*: 4 euro.
*Gaurkotasunezko eta zineforum-eko filmak ikus daitezke.
*Txarteldegian sarrera erosteko momentuan, langabetuek langabe-txartela erakutsiko dute.
*Deskontua duten sarrerak ezin dira webgunearen bitartez erosi.

Abonamenduak
Gaurkotasunezko edo zineforum-eko filmak ikusteko 3 sarrera*: 12 euro.
* Hilabeteko iraupena, pertsonala.

Gaurkotasunezko edo zineforum-eko filmak ikusteko 5 sarrera*: 20 euro. 
*Hilabeteko iraupena, gehienez 2 sarrera filmeko.

Gaurkotasunezko edo zineforum-eko filmak ikusteko 8 sarrera: 30 euro
Bi hilabeteko iraupena, gehienez 2 sarrera filmeko.