Oinarrizko jaki bat, arroza, kultura adina modutara prestatzen dena, eta mundu guztian kontsumitzen dena. Arrozak batzen gaituela sinistuta, Munduko Arrozak ekimena antolatu dute etzirako Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak, Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eta herri mugimenduak. Guztien helburua Zubeztiako karpak kultura desberdinetako pertsonen hurbiltasuna eta harremanak sortzeko tokia bihurtzea da. Eta, horrekin batera, altsasuarren artean kulturen arteko elkarbizitza, topaketa eta ezagutza erraztea.
Bangladeshen, Bulgarian, Senegalen, Ganbian, Marokon, Pakistanen, Valentzian, Altsasun eta beste hainbat tokitan arroza nola prestatzen den ikusteko aukera izanen da. Errefuxiatuen arroza izanen da ere. Baita haiek guztiak dastatzeko ere, bukaeran prestatutako arrozak jatera emanen baitira. Lehiaketatik, beraz, ez du ezer. Munduko Arrozen ekitaldiarekin antolatzaileek Altsasu kultur-anitza dela erakutsi nahi dute. Hau da, kultura aberastasun ikaragarria dagoela, eta munduari beso-zabal doakion herria dela ere.
Munduko Arrozak ekitaldian begiratu, galdetu, hartu, dastatzeko eta gozatzeko aukera dago. Antolatzaileek sorpresak iragarri dituzte. Aurreratu dute, hori bai, hennaz edertzeko aukera izanen dela. Immigrazio Zerbitzuak, bestalde, sentsibilizazio kanpaina martxan du eta harekin bat egin nahi dutenek photocall-ean parte hartzeko aukera izanen du. Grezian errefuxiatuek bizi duten egoeraren berri ematen duten erakusketak ere izanen dira. Guztia despeditzean, parte-hartzaileen adiskidantzazko bazkaria izanen da.