Otxoa-Petriati, Espinal, eta Arrieta-Landiribar txapeldun

Guaixe 2016ko ira. 19a, 09:36

47. Otadiko Kristo Deuna Torneoko finalek zapore gozoa utzi zuten

47. Otadiko Kristo Deuna Torneoko finalak
Gazteak: Otxoa-Petriati 22 / Nazabal-Ganboa 16
22 urtez azpikoak, lau t´erdian: Espinal (Uharte Iruñea) 18 / Olano (Irurtzun) 8
Eliteak: Iriarte (Buruzgain)-Eskiroz (Zugarralde) 21 / Arrieta (Hernani)-Landiribar (Buruzgain) 22

Altsasuko festen azken egunean, igandean, jokatu ziren Sociedad Deportiva Alsasuak antolatutako 47. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoko finalak, Burunda pilotalekuan. Giro polita izan zen frontoian eta final entretenigarri eta ikusgarriez gozatzeko aukera izan zuten pilota zaleek.

Torneoko finalen sarrera moduan, polita izan zen gazteen mailako finala. Lau pilotariek dena eman zuten baina, azkenean, Otxoak eta Petriatik 22 eta 16 irabazi zieten Nazabali eta Ganboari.

Ondoren, 22 urtez azpiko Espinal eta Olano atera ziren kantxara. Lau t´erdiko partidak 28 minutu iraun zituen. Espinal izan zen jaun eta jabe, eta sakez sartutako 7 tantoei esker, partida irabaztea gertu izan zuen. Olanori bezperan Diario Vasco Torneoan jokatutako partida gogorraren ondokoa nabaritu zitzaion. Ez zuen sakez tantorik lortu eta partida aldapa gora jarri zitzaion berehala. Espinalek, bere aldetik, partida bikaina egin zuen eta, hasieratik aldea hartuta, azkenean 18 eta 8 gailendu zen.

Elite mailako finala estuagoa izan zen. 70 minutuko partida gogorrean, hasieran Arrietak eta Landiribarrek hartu zuten aurrea (5 eta 0 eta 6 eta 3). Iriartek eta Eskirozek 10era berdintzea lortu zuten, eta hortik aurrera parez pare aritu ziren bi bikoak, alde gutxirekin. 12ra, 17ra, 18ra, 20ra eta 21era berdindu zuten. Sakez ere bi bikoteek tanto berberak egin zituzten, 3. Ezin paretsuago, beraz. Aurreko koadroetan jokaldi zoragarriak eskaini zituzten pilotariek eta atzelariek gogor egin behar izan zuten lan. 21era berdinduta zeudela, eta emozioa pil-pilean zela, azkeneko tantoa Arrietaren eta Landiribarren aldera erori zen eta beraiek jantzi zituzten txapelak.

Sari ematean Nafarroako Pilota Federazioko presidente Migel Pozueta, Altsasuko alkate Javier Ollo, Nafarroako Kirol Institutuko ordezkari Mikel Goldarazena eta Sociedad Deportiva Alsasua talde antolatzaileko ordezkariak izan ziren.