Hasteko, dekorazio-arteak

Guaixe 2016ko ira. 22a, 19:06

Yolanda Arnedo, erakusketa prestatzen ari zela.

Atzo zabaldu eta lastailaren 9ra arte, astegunetan 18:30etik 21:00etara eta domeketan 19:00etatik 21:00etara, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Iortia kultur guneko erakusketa denboraldia Yolanda Arnedoren dekorazio-arteen tailerrak zabaltzea  ohiko bihurtu da. Dozena bat urte izanen dira Arnedo dekorazio-arte lanak Gure Etxean erakusten hasi zenetik. Eta urtero makina bat bisitari harrituta uzten ditu erakusketak. Arnedok berak azaldu digunez, teknika mixtoekin sortutako obrak dira guztiak. “Urtero bizpahiru teknika berri erakusten ditut. Haiekin eta aurreko urteetan ikasitako teknikekin sortutako obrak daude erakusketan”.

Paper zati txikiak pertsonalizatzea (txantilloiak erabiliz pintatuz, gogoko testuak jarriz), collageak, pasta edo paperarekin taula, dekapatu bikoitza, oihal gainean sortutako testurak, zaharberritzea, birziklatzea, naturako elementuen erabilera, material zaharrak, hiri-elementuak (matrikulak, pegatinak)… Horiek guztiak lore-ontzi, pitxerra, botila, jostailu, makina bat altzaritan, koadro, dekoraziorako objektu edergarri, kutxa eta abarretan ikusgai daude.

Ikasleen ideiari Arnedok bere ekarpena egiten dio eta bien artean aukeratzen dute elementu bakoitzarendako aukera onena. Adin guztietako emakumeen egindako lanak dira ikusgai daudenak: “gizonezko bakarra zebilen, baina utzi zuen. Ez dakit zergatik ez diren animatzen. Altzari batzuk, esaterako, zerotik sortu dira” gaztigatu du Arnedok.