Sakanako Garapen Agentziak (SGA) antolatuta, Industrian Elkarlan Esperientziei buruzko jardunaldia eginen da. SGAko Aintzane Iriberri Berrostegietak azaldu digunez, “egoera globalizatu honi aurre egiteko elkarlana proiektuak aurrera ateratzeko modu bat da. Enpresek, gaur egun, handicap handi bat daukate: Sakanako enpresa txikiek ez daukate gaitasunik bezero handietara jotzeko eta nazioartean aritzeko. Kolaborazioa, hori gainditzeko modu bat izan daiteke”.
Jardunaldira joaten direnak beste eskualdeetako industrien elkarlan esperientziak ezagutzeko aukera izanen dute; “Sakanako enpresek ikusi dezaten nola gainditu dezakegun egoera hori. Elkarrekin egin ditzakegun proiektuekin kanpora, indartsu, nola atera gaitezkeen. Elkarlan esperientzia horiek nola egiten diren ikasteko eta ikusteko zer egiten ari diren. Eta SGA halakoak aurrera ateratzeko lanean hari dela esateko” balioko du jardunaldiak. Hiru hizlari izanen dira eta entzuleek haiei galderak egiteko aukera izanen dute. “Hausnarketarako denbora ere utziko dugu”.
“Edozeini oso interesgarria iruditu ahal zaion saio bat izanen da” antolatutakoa. Industria arloari zuzenduta dago bereziki jardunaldia, “energia edo autogintza klusterizazioan interesa duten enpresa handiei. Baina enpresa txiki eta ertainak ere. Badakit zaila dela enpresaren egunerokotasuna uztea. Baina animatzen ditut, zeren argi dago Sakanak enpresa txikien nazioartekotzean lan egiteko esparru handi bat duela. Horri nola heldu aztertzeko momentu egokia da orain”. SGAn edozein proposamen, egitasmo edo ekintza aztertu eta aurrera eramateko “guztiz irekita” daudela azaldu du Irisarrik.
Sakanako Plan Estrategikoaren baitan, industrian bereziki, elkarlan proiektuak aztertu eta aurrera nola atera jasotzen duten akzioak daude. Paraleloan ari dira. “Enpresa txiki batzuekin taldetxo bat osatzen ari gara. Adibidez, nazioarteko azoketara elkarrekin joatea nola egin aztertzeko. Lehen fasean gaude”. Bestalde, enpresa batekin “Sakanak dauzkan aukerak, merkatuak emanen dizkigun aukerak aztertzen. Esaterako, zer proiektu estrategiko aurrera atera dezakegun”.
Esperientziak, banan bana
Sodena
Nafarroako enpresa publikoko ordezkariak zabalduko dute jardunaldia. Irisarrik esan digunez, “haiek badakite urtetan zehar klusterizazio edo antzeko merkatuetan aritzen diren enpresen arteko asoziazio horiek ez direla oso indartsu aritu. Sodena bi proiektutan dabil orain”. Batetik, energiaren arloko aurre-klusterra sortu dute. “Energia arloko enpresak sartzen ari dira eta helu den urtean klusterra osatu eta diru-laguntzetara indartsu jotzeko. Gamesa lortzea lortu dute. Bertan Sakanako hiru enpresa dituen Naweco kontsortzioa dago (Laneko, Industrial Barranquesa eta Jatorman)”. Irisarrik azaldu duenez, “horrelako foro batek elkarlan proiektu askoz gehiagotara jotzeko aukera ematen du”. Bestea, autogintzako klusterra indartzea da. Wolkswagen dago barruan.
Irisarrik dioenez, “Sakanako enpresendako oso interesgarria da halako asoziazioak edo klusterrak sortzen edo indartzen ari direla ezagutzea. Beraiek ere aukera izan dezaten hara jotzeko eta horrek emanen ligukeen abantailak izateko”.
GetGoierri
Goiekiren, Goierriko garapen agentziaren, esperientzia bat da GetGoierri. “Sakanarekin antzekotasun pixka bat izan dezaketen egoera dute haiek ere: enpresa txiki eta ertain oso txikiak, bertako enpresa handi batzuendako lan egiten dute baina kanpora ateratzeko aukerarik ez zuten”.
Duela urte batzuk GetGoierri Basque Country marka sortu zuten: “zazpi-zortzi enpresa, haien arteko elkarlanaren bidez, beste proiektu batzuetara nola jo zezaketen aztertzen hasi ziren; bertako enpresa traktoreei elkarren arteko eskaintzak egiten edo azoketara jotzen”.
Gaur egun marka azoka gehienetan dago. “Euren gaitasunak eta produktuak zabaltzen oso ondo dakite. Nazioartekotzea gainditzea lortu dute eta, gaur egun, merkatuan daude. Beste herrialdeetara merkataritza-misioak egiten dituzte (Mauritania, Brasil, Txina…)”. Iriberrik aurreratu digunez SGA ibarreko enpresa txikiekin “halako proiektuak garatzen saiatzen ari gara. Goazen elkarlanean zein gaitasun ditugun, zer eratu dezakegun, zer produktu eta zer zerbitzu eman ditzakegun. Eta goazen ikustera nazioartekotze esperientzia horietan zein nolako indarra edo zer nolako proiektuak suertatu daitezkeen”.
ON-Bideratu
Urola Garaiko garapen agentziako, Uggasako zuzendari Itziar Salaberriak haiek duten proiektu estrategiko bati buruzko azalpenak emanen ditu. “Haien gaitasunen, haien industria sarearen azterketa sakona egin zuten. Indartzeko zituzten puntuak ere. Eta On-Bideratu proiektu estrategikoa garatu zuten”. Orto-protesiko merkatuan kokatu daitekeen egitasmo bat da. “Azpi-sektore horretan eta errehabilitazioan eta laguntza teknikoan prestakuntza, produktuak eratzea… sektore hori bertan garatu nahi dute”.
Esaterako, exoeskeleto baten prototipoa aurkeztuko dute, giza-gorputzari kanpotik heltzen dion egitura edo makina. Gogoa Mobility Robots enpresak prototipoa diseinatu, industrializatu eta merkaturatzea, bertan Urola Garaian. Irisarrik aurreratu du Sakanan hausnarketa egiten ari direla, “zer nolako gaitasun, zer nolako sektoretan murgilduta gauden eta zer nolako fokoak indartu ditzakegun. Proiektu estrategikoen bilaketan gaude beste enpresa batekin”. Halako esperientzien berri emanez, “hutsik dauden merkatuak edo halako produktuak eratzearen bidea nola egin daitekeen jendeak ezagutzea oso interesgarria da”.
Egitaraua
8:45ean Partaideen eta bertaratuei harrera.
9:00etan Sodenaren aurkezpena.
10:30ean GetGoierri (Goieki).
11:30ean Kaferako geldialdia.
12:00etan Proiektu estrategikoak: ON-Bideratu (Uggasa).
Industria@sakana-mank.com
E-posta horretan izena ematea nahikoa da jardunaldira joateko. Edo, asteazkenean bertan, 8:30etik aurrera Iortia kultur gunean.