Alokairu babestua eskaintzeko gobernuak hutsik dauden etxebizitzak nahi ditu

Guaixe 2016ko ira. 22a, 18:54

Etxeberriko ikuspegia.

Alokairu-poltsa horrek jabeei errentaren kobrantza zehatza eta higiezina egoera onean itzultzea bermatzen die.

Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak jakinarazi du Nafarroako Gobernuak hutsik dauden etxebizitzak eskuratu nahi dituela, gero Nasuvinsa enpresa publikoak kudeatutako poltsaren bidez babestutako alokairura bideratzeko. Gogora ekarri behar da alokairu-poltsa horrek etxebizitzetako jabeei errentaren kobrantza zehatza bermatzen diela, higiezina egoera onean itzultzea eta Nasuvinsak etxeko arrisku anitzeko aseguru bat kontratatzea (edukitzailearena), etxebizitzan izan daitezkeen ezbeharrak estaltzen dituena.

Berriki egin den lege aldaketa baten arabera, etxebizitza bat hutsik duen edozein pertsonak alokairu-poltsa horretan sar dezake, haren kokapena alde batera utzita, baldin eta eskatzaile-erroldan alokairuko etxebizitza-eskatzaile gisa gutxienez pertsona bat jasotzen den udalerri batean badago. Horretarako, Iruñeko Nasuvinsaren bulegoetara jo behar dute (Iruñeko San Jorge etorbidea, 8), langile teknikoek etxebizitzaren balorazioa eta inbentarioa egin dezaten. Interesdunek informazio gehiago 848 420 601 telefono-zenbakian eta www.vivienda.navarra.es webgunean eska dezakete.


Higiezinak bizigarritasun-zedula indarrean izan behar du, eta ur, argindar eta gasaren hornidurak alta emanda; horretaz aparte, sukaldeko oinarrizko ekipamendu bat eduki behar du, eta etxebizitzan dauden errolda guztiak baliogabetzea. Igogailua ez da ezinbesteko baldintza bat, baldintzen azken aldaketaren ondoren, baldin eta etxebizitza egokia bada.

Ez dira baldintza ezberdinak eskatzen udalerriaren arabera, nahiz eta Nafarroako Gobernuak etxebizitzako jabeari ordaindutako prezioa ezberdina den etxebizitza dagoen udalerriaren arabera:  Iruñerrian, Tuteran, Lizarran eta Tafallan metro karratuko 5 euro dira; 5.000 eta 10:000 biztanleren arteko herrietan, Altsasun, esaterako, 4 euro m2ko eta 5.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan 3 euro m2ko.