Zabaloren Basket Navarra gorriak ostegunean egin zuen aurkezpena

Guaixe 2016ko ira. 27a, 08:51

Iruñeko Udalak emandako babesa eskertu zuten

Zilarrezko LEB mailan arituko den Basket Navarra taldeak ostegunean egin zuen 2016-2017 denboraldiko aurkezpena, Iruñeko Kondestable Jauregian. Aurten ekipazio gorria erabiliko du talde nafarrak “Nafarroagatik egiten dugu apustu, klub honek duen izpiritua nafarra delako, eta horregatik itzuli gara kolore gorrira” azaldu zuen Basket Navarra taldeko presidente Javier Sobrinok. Halaber, Iruñeko Udalak taldea babestu eta laguntzeko egindako esfortzua eskertu zuen. Ekitaldian Joseba Asiron alkatea, Iruñeko Udaleko Maider Beloki eta Maria Caballero zinegotziak eta Nafarroako Kirol Institutuko zuzendariorde Primitivo Sanchez izan ziren, besteak beste. Hala ere, oraindik babesle gehiago behar dituztela nabarmendu zuen Sobrinok.

Basket Navarra taldeko plantillan dago Iñigo Zabalo Oiarbide altsasuarra (1996, Altsasu, 1,85 m). Zabalok bere hirugarren denboraldia osatuko du Basket Navarrarekin eta base edo joko-antolatzaile postuan jokatzen du, Adrian Fuentesekin. Dylan Poston, Carlos Almendros eta Iñigo Urdiain eskoltak dira, Iñaki Narros eta Adrian Garcia hegalak, Maximilian Hopfgartner hegaleko-pibota eta Victor Hidalgo pibota. Joaquín Prado entrenatzailearen aginduetara ariko dira guztiak. Bestalde, gogoratu beharra dago Basket Navarrak CBASK-ekin, Altsasuko Saskibaloi Taldearekin, hitzarmena duela.