Auzo baratzeak arautzeko parte hartze prozesua

Guaixe 2016ko ira. 28a, 14:22

San Juan ermitaren atzean daude auzo-baratzak.

Bihar hasita, hiru saioetan eginen da.

Altsasuko Udalak San Juan ermitaren inguruan dauden auzo baratzeen erabilera arautzeko ordenantza egin nahi du. Baina horretarako altsasuarren iritziak jaso nahi dituenez, parte hartze prozesua antolatu du. Bihar hasiko da parte hartze prozesua. Haren aurkezpena 17:30ean baratzeetan bertan eginen da. Ondoren bi tailer etorriko dira. Aurrenekoan baratzeak zertarako nahi diren zehaztuko da. Tailer hori heldu den ostegunean, 18:00etan, Gure Etxea eraikinean izanen da. Bigarren tailerrean, ekarpenak jasoko dira. Azken saio hori azaroaren 17an izanen da, toki eta ordu berean. Argibide gehiago nahi dituenak amaia@garrapo.com e-postaren edo 620 955 454 telefonoaren bidez jarri daiteke harremanetan. Udalak 4.000 euro bideratu ditu gai honetara.

Altsasun 2013az geroztik daude auzo-baratzeak. Sakanako Langabetuen Asanbladak udalari horretarako eskaera egin zion. Langabetuen egoera larria ikusita lur sail baterako sarbidea izan eta hala jatekoa bermatzeko asmoz jarri zuen ekimena martxan asanbladak. Pobreziaren kontrako tresna bilakatu nahi zuten.