Iortian abonamenduak, aukeran

Guaixe 2016ko ira. 28a, 19:38

Altsasuko Udaleko Kultura Zerbitzuak kultura poltsiko guztiei irisgarri egin eta erabiltzaileen fideltasuna saritzeko abonamenduen eskaintza egin du. Haietakoren bat eskuratu nahi duenak lastailaren 23ra arteko aukera izanen du. Abonamenduak osatzen duten ikuskizunetarako sarrera solteak astelehenetik aurrera salduko dira.

Helduendako aurreneko abonamendua udazkenean iragarriak dauden hiru antzezlan (Pepe Viyuelaren Encerrona, Yllanaren Chef eta Kulunkaren Solitudes), dantza emanaldia (Dantzaz konpainiaren Aureo) eta zinema sarrera bana 40 eurotan eskuratu daitezke (13 euroko aurrezpena). Hiru ikuskizunerako eta zinemarako sarrera bat 33 euroren truke eskuratu daitezke Iortian (10 euroko aurrezpena). Alde batetik, Viyuelaren, Dantzaz-en eta Yllanaren saioak aukeratu daitezke. Bestela, hiru antzerki emanaldiak eta zinemarako sarrera eskuratu daiteke.

Familia abonamendua
Lastailean kulturaz familian disfrutatzeko lau abonamendu prestatu ditu Kultura Zerbitzuak. Hala, lastailean iragarritako hiru zinema emanaldien eta Maduixa teatreren Dot antzezlanaren sarrerak 11 euroren truke eskuratu daitezke (4,5eko aurrezpena). Antzezlana eta bi zinema sarrera, berriz, 9 eurotan eskuratu daitezke (3ko aurrezpena).