GettinG Robotika eta NUP robot adimentsu bat egiten ari dira

Guaixe 2016ko ira. 29a, 19:44

GettinG Robotika enpresa altsasuarrarekin lanean ari diren NUPko kideak. Aurrean robotaren pieza bat.

Industria piezen fabrikazioa hobetzeko robotak ikusmen artifiziala eta lebitazio magnetikoa baliatzen ditu.

GettinG Robotika eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) robot adimentsu baten prototipoan lan egiten ari dira. Ikusmen artifizialari eta lebitazio magnetikoari esker industriako piezen fabrikazioa hobetzea da azken helburua. Proiektuak 596.278 euroko laguntza ekonomikoa jaso du (315.131 euroko mailegua eta 281.147 diru-laguntza), Ekonomia eta Lehiakortasunaren Ministerioaren B+G+b Industria Programaren barruan, Erronkak-Lankidetzak kategorian.

Urtutako metalen edo mekanizatu bidez sortzen diren metal, plastiko edo beste substantzietako piezak bukatzeko material soberakina, bizarra, kendu egin behar da. Hau da, irregulartasunak kendu  eta piezaren gainazala findu behar da, leuntze edo bukaera ederra lortzeko. Askotan, bizar-kentzeko prozesua eskuz egin ohi da, eta horretarako hainbat lanabes erabiltzen da, landu nahi den piezaren formaren eta material motaren arabera. Enpresa altsasuarraren eta NUPen robotak bizar-kentzea hobetu nahi du.

Ikerketa proiektuak Robota Adimentsuki Gidatzeko Sistema Bisentsoriala izena du, BISSENINT, eta GettinG Robotikak gidatzen du. Altsasuko ingeniaritza enpresak, bizar-kentzeko zelula robotizatuak diseinatzen eta fabrikatzen ditu, forja eta fundizioko piezetarako. Proiektuaren helburua bizar-kentzeko lanak robot industrial batek egitea, modu adimentsuan. Robotaren adimenaren parte bat lortzen da ikusmen artifizialeko gidatzeko sistema baten bidez.

"Ikusmen artifiziala adimen artifizialaren arlo bat da, zeinaren helburua baita ordenagailu bat programatzea eszena bat aztertu eta interpretatu ahal izateko moduan —azaldu du Jeser Zalba Olcoz NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasleak—. Bizar-kentzeko prozesuari aplikatuz gero, ikusmen artifizialeko sistema batek aukera ematen du aztertzen ari den piezaren 3D erreprodukzio bat egiteko, eta hortik abiatuta, gero robotak gidatzeko informazioa lortzen ahal da. Honela, piezen posizio eta morfologia aldaketak konpentsatzen ahal dira, eta informazio hori erabiltzen ahal da robotak bizar-kentzeko prozesuan segitu behar duen ibilbidea egokitzeko".

Kontakturik gabeko piezak
Gainera, robot adimentsuari lebitazio magnetikoa aplikatzen zaio. Metodo horrekin objektu bat airean eskegita egoten da eremu magnetiko baten eraginez. Horrela, bere piezetako bat robotaren gainerakoari lotua gelditzen da kontaktu fisikorik gabe, eta horri esker oztopoak gainditzen ahalko dira fabrikazio-prozesuan. NUPeko Fisika Saila proiektuaren alor horretan lan egiten ari da. Proiektuan parte hartzen duten ikertzaileek lehen prototipo bat prestatu dute eta bigarren robota diseinatzen ari dira.