Festa giroa sortzeagatik sarituak

Guaixe 2016ko ira. 29a, 20:44

Sarituak peñetako ordezkariekin.

Altsasuko peñek eta Altsasuko Dendarien Elkarteak (ADE) festak gaia zuen erakusleiho lehiaketa antolatu zuten. Antolatzaileak izandako erantzunarekin “pozik” daude. “Aurreko urteetan denda batzuk egiten bazuten ere, ez zuen halako oihartzunik. Aurtengo deialdia nabaritu da”. Nabaritu den bezala peñen deialdia, asko izan baitziren festen aurretik eta festetan euren etxeetako balkoiak jaien gaiekin edertu zituztenak.

Lehiaketari dagokionez, festak hobekien islatzen zituen erakusleihoa Larka arropa dendakoa dela erabaki da sare sozialen bidez egindako bozketaren bidez. Pilik azaldu duenez, peñen atorren koloreekin banderatxoak egin zituzten eta haiek zintzilik jarri zituzten. Anonimotasuna gorde nahi duen altsasuar batek egindako kiosko zahar baten maketa, zegozkion banderatxoekin, intxaurrondo zaharraren irudikapena eta duela 30 bat urteko argazkiekin osatu zuten erakusleihoa. Pilik eta Anuskak sari gisa gazta eta ardo botila eskuratu dituzte.

Erakusleiho onena aukeratzeko bozketan parte hartu zutenen artean ADEko establezimenduetan gastatzeko 30 euroko hiru txartel zozketatu ziren. Sarituak Arantxa Mendoza (ezin izan du sari banaketan egon), Amaia Zudaire eta Aitor Bengoetxea izan dira.