Altsasuko hizkeran egindako bideoak edo Altsasuko hizkerako hitzak eta esamoldeak erabiltzen dituzten bideoak. Horiek dira Yakusi Altsuko eskua bideo-lehiaketara aurkeztu daitezkeen lanak. Bideoak taldeka edo kuadrillaka egin behar dira, bakarkako lanik ez baita onartuko. Talde edo kuadrilla bakoitzak nahi adina bideo aurkeztu ditzake. Haien iraupena 5 eta 10 minutu artekoa izanen da. Lehiaketara aurkeztuko diren bideoen gaia librea da. Animazio lanak ere onartzen ditu antolakuntzak.
Lehiaketako araudian jaso denez, bortizkeria, irainak, arrazakeria, sexismoa edota errespetu falta ez dira onartuko, eta horiek agertzen dituzten bideoak lehiaketatik kanpo geratuko dira. Bestalde, musika, norberak egina edo bakarlari edo talde bati hartua dela ere, euskarazko hitzak izan behar ditu. Nolanahi ere, hitzik gabeko musika ere ametitzen da. Lehiaketan parte hartzen dutenek honako bideoak aurkeztean honako datuak aurkeztu beharko dituzte: izenburua, taldearen edo kuadrillaren izena, taldekideen izen-abizenak eta harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa.
Altsasuko Udalak antolatu du bideo-lehiaketa, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren laguntzaz. Udalak jasotako bideoak Interneten jartzeko eta jendaurrean proiektatzeko eskubidea izanen du.
Hiru sari
Lehenengoa, Altsasuko Dendarien Elkarteko establezimenduetan gastatzeko 300 euro. Bigarrena, Altsasuko jatetxe batean lau pertsonendako afaria (100 euroko gastua gehienez). Sari berezia: Altsasuko hizkera hobekien erabiltzen duenari Sakanako gaiei buruzko liburu-sorta emango zaio Sakanako Mankomunitatearen funtsetik. Epaimahaia hiru adituk osatuko dute. Kalitate teknikoa, originaltasuna, sormena eta Altsasuko hizkera kontuan hartuko dituzte.
erregistroa@altsasu.net
Bideoak e-posta helbide horretara Wetransfer bidez bidali behar dira. Azaroaren 15a despeditzen da epea.