Gaztetxean urteurren ospakizunen taupadak

Guaixe 2016ko urr. 7a, 14:12

Herenegun 26 urte bete ziren gazte altsasuarrek Txiki Polita kaleko 13. zenbakiko eraikina okupatu zutela. Altsasuko Gazte Asanbladak (AGA) etxajua piztu eta merenduarekin gogoratu zuten efemeridea. Ondoren, asteazkenero moduan, batzarra egin zuten. Asteburuan urteurreneko ekitaldi ugari dituzte. Bestalde, hurrengo hiru astearteetan argazkiak digitalki moldatzeko Photoshop programaren ikastaroa hartuko du gaztetxeak.

Hala ere, AGAkoek gogoan izan dituzte 80ko hamarkada erdialdean “beraien buruak astinduz, eskuak elkartuz eta oinak martxan jarriz, elkarbizitzari ekin ziotela. Asanblada eta autogestioa ikur hartuta, gerora AGA izanen zena sortu zuten”. Okupazioarekin eraikina “herriko bihotz” bihurtu zutela nabarmendu dute. AGAkoek gaineratu dutenez, “zuen taupadek bizirik mantentzen dute bihotz hau eta bihotza gazte mantentzen da oraindik ere”. Urteurren ospakizunetan “milaka taupada izanen dira bihotz erraldoi eta gazte honekin batera ozen entzunen direnak”.

Egitaraua
Lastailak 7, ostirala
17:00etatik aurra Haurren txokoa: txokolate-jana, puzgarria eta zirkoloretsuaren tailerrak.
21:30ean Afaria, gaztetxean.
23:00etan Superella klowna eta Tandem taldearen kontzertua.

Lastailak 8, larunbata
11:00etan Kalderete prestaketa.
15:00etan Altsasuko gaztetxearen XXVI. Kalderete txapelketa. Ondoren jokoak.
18:00etan Elektrotxaranga.
21:00etan Kontzertuak: Ebri Knight eta Zirkinik bez!
22:30ean Magrak.

Lastailak 13, osteguna
19:00etan Askapenako Andaluziako brigaden hitzaldia, gaztetxean.