Mikologia jardunaldiak, bueltan

Guaixe 2016ko urr. 10a, 08:05

Hiru urteko etenaren ondoren, Altsasuko mikologia elkarteak Mikologia Jardunaldiak antolatu ditu berriro. Eta garai bateko ohiturari eutsiz jardunaldiak Altsasuko ferien iragarle izanen dira, heldu den astean izanen baita. Astean zehar zizen inguruko hiru hitzaldi antolatu dituzte. Eta jardunaldiak despeditzeko, ferietako domekan, zizen eta onddoen erakusketa hartuko du Labadero eraikinak. Erakusketa ostiralean hasiko dira prestatzen. Zizak sailkatzen luze emanen dute. Bakarren batek hartutako zizak erakusketarako eman nahi baditu, 19:00etan agertu daiteke erakustokian.

Altsasuko mikologia elkartea 30 kidek osatzen dute eta zaletuendako ateak zabalik dituzte. Aipatu jardunaldiez aparte, Lekunberriko, Irañetako eta Araiako ziza erakusketen antolaketan laguntzen dute. Elkartetik mikologian zaletuak direnak eta jakin-mina duten guztiei jardunaldietan parte hartzera gonbidatu dituzte.

Egitaraua
Lastailak 10, astelehena
19:30ean Ziza toxikazioak XXI. mendeko bigarren hamarkadan. Hizlaria: Jose Elizalde, medikuntzan doktorea.

Lastailak 11, asteartea
19:30ean Mikologia eta bizitza zikloa. Zizak sailkatzeko karaktereak. Hizlaria: Jose Mª Ausin, Altsasuko mikologia elkartekoa.

Lastailak 13, osteguna
19:30ean Cortinariusei beldurra galtzen. Hizlaria: Roberto Fernandez Sasia, Abanto-Zierbanako mikologia elkartekoa.

Lastailak 16, domeka
9:00etatik 14:30era Mikologia erakusketa, Labadero eraikinean.

Hitzaldiak Iortia kultur gunean izanen dira.