Bularra ematearen onurak kolorez azpimarratuta

Guaixe 2016ko urr. 13a, 19:40

Haurrei bularra ematearen munduko astea dela eta, Altsasuko osasun etxeko pediatriako itxaron gelan haurrek egindako marrazki erakusketa dago ikusgai. Medikura doan edozein umek egin dezake marrazkia, horretarako materiala eskura baitu. Altsasuko osasun etxeko Pediatria Zerbitzutik  azpimarratu dutenez, “posible den guztietan, garrantzitsua da umeen lehen sei hilabeteetan soilik bularra ematea, eta adin horretatik aurrera osagarria izatea”. Zalantzarik izanez gero pediatriako zerbitzuarekin harremanetan jartzeko gonbidapena egin dute.

Osasunaren Mundu Erakundeak eta Unicefek 1992tik antolatzen dute bularra ematearen munduko astea. Aurtengo leloa honakoa da: amagandiko edoskitzea garapen jasangarrirako gakoa. Erakunde antolatzaileen iritziz idoskitzea osasun publikoko gai bat da, umeak hobe elikatzen direlako, infekzio edota alergien kontra ona delako eta metabolismoaren erregulatzaile delako.