Onddoen artean… goazen korrika!

Guaixe 2016ko urr. 14a, 14:00

9. Onddo Lasterketa bihar jokatuko da, Altsasuko ferietan. 11:00etan txikien probak izango dira, 11:30ean oinezkoak abiatuko dira eta 12:00etan onddo lasterketako korrikalariak

Atletismoaz gozatzeko, goiza ederra pasatzeko eta udazkenean zoragarri dagoen basotik barna, onddo artean, korrikan buelta ederra emateko. Helburu horiekin antolatu zuen, Dantzaleku Sakana atletismo klubak Onddo lasterketa. Proba ez lehiakorra da, ez da denborarik hartzen ez sailkapenik egiten, eta urtetik urtera gora egin du: proba geroz eta herrikoiagoa ari da bilakatzen. Aurreko urtean bezala, 14 urtetik gorakoei 5 euro kobratuko die antolakuntzak, jasotako diru guztia Josegina Arregi Klinikaren Lagunak elkarteari bideratzeko.

Hasieran kategoria txikiko probak jokatuko dira, 37. Eskolarteko Krosa baitago jokoan goizeko 11:00etan. 11:30ean oinezkoak abiatuko dira eta 12:00etan helduen txanda izango da, 9. Onddo Lasterketan.

11:00etan txikiak
Lehenik eta behin kategoria txikienak ariko dira korrikan, 37. Eskolarteko Krosean. Kategoria ezberdinetako probak Altsasuko Foru plaza eta Zubeztia plaza artean antolatuko dira. Bukaeran zukua eta gozoren bat jasoko dute neska-mutikoek, eta produktu ezberdinak zozketatuko dira.

11:30ean, oinez, 12:00etan, korrika
Eguerdiko Onddo lasterketako ibilbidean ez dago aldaketarik. 6,6 km-ko lasterketa herrikoia da, onddoak ateratzen diren paraje zoragarrietatik barne: Otaibarren, Zamarretako zubia, San Pedro, Txanponazpi, Basoitxi, Otadia… “Ibilbidea nahiko eramangarria da, baina badago Josefina Arregi Klinikaren Lagunak taldearekin kolaboratu nahi duen jendea baina korrika egitea eurendako gehiegizkoa dena. Horregatik, 6,5 km-ko beste ibilbide bat prestatu dugu eurendako. Hortaz, ez dago aitzakiarik eta edonork parte hartu dezake Onddo lasterketan” azaldu du Dantzaleku Sakana taldeko Peio Bergarak. Lehenago, 11:30ean oinezkoak abiatuko dira. Paraje berdinetatik beste zirkuitu bat prestatu da oinezkoendako, 6,5 km-koa. Helburua bi ibilbideak plazara antzerako orduan iristea da.

Aurreko urtean ia 400 korrikalarik hartu zuten parte onddo lasterketan eta 99 korrikalari aritu ziren Eskolarteko Krosean. Biharko eguraldi ona iragarri dute eta Bergarak bertan parte hartzera animatu du. “Gure lasterketa oso herrikoia da, ez da lehiakorra eta naturaz gozatu nahi dugu, korrikan, onddoak ateratzen diren parajean. Edo oinez, nahi den eran. Jende guztia gonbidatzen dugu emakumeak bereziki, ateratzea gehiago kostatzen zaielako. Makina bat gonbidapen bidali ditugu: Altsasuko Udaleko zinegotziei, Josefina Arregi Klinikako Lagun eta kolaboratzaileei eta baita Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkosi eta Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezi ere. Egun polita izatea nahi dugu, eta Josefina Arregiren Klinikaren Lagunak taldea lagundu” azpimarratu du Dantzaleku Sakanakoak.

Kamisetak eta 100 produktu loteren zozketa
Proba korrikan edo oinez osatzen dutenek, 14 urtetik gorakoek kamiseta jasoko dute. Jasotzerakoan preferentzia izena aurretik internetez eman dutenek izango dute. Helmugan salda beroa, freskagarriak eta edariak izango dituzte korrikalariek eta oinezko proba osatu dutenek. Guztien artean lehendabizi 3 onddo saski zozketatuko dira, eta ondoren feriekin lotutako produktuekin –Galarza txistorrak, Amillano gaztak, Katealde pateak, Conservas del Reyno kontserbak, Errotain zaldi ibilbideak, Leku Ona jatetxeko bazkariak, Tipi-Tapa oinetakoak, Xurrut taberna elkartearen sariak…– osatutako 100 lote zozketatuko dira. Jakina, jasotako diru guztia Josefina Arregi Klinikaren Lagunak elkarteari emango zaio.

Izena emateko
www.dantzalekusakana.com web orrialdean. Bestela, lasterketa egunean, larunbatean Foru Plazan.