Bi bide bazter garbituko ditu udalak

Guaixe 2016ko urr. 15a, 09:55

Jendea Otaiko bidean pasiatzen.

Usolarraindik San Pedrorako bideko eta Ulaiar Txikiko pistako bazterrak garbituko ditu udalak aurki. Bide bakoitzaren bi aldeetan metro eta erdira dauden sasiak eta bestelakoak garbituko ditu. Udalak prozedura negoziatua abiatu du eta haren bidez lanak eginen dituen enpresa kontratatuko da. Lanak ematerakoan udalak eskaintza ekonomikoa eta Ulaiar-Handiko pistako bide bazterrean egin daitezkeen garbiketak %50ean kontuan hartuko ditu.

Udalak aurrekontuetan aldaketa egin eta lan horietara 7.987,44 euro gehiago bideratu ondoren, guztira 12.900 euroko aurrekontua dute. Haietatik 1.065,14 proiektua idatzi eta zuzentzeko dira eta gainontzeko 11.834,86 euroak lanak egiteko dira. Lanek azaroaren 30erako despedituta egon beharko dute.

Bestalde, Altsasuko Udala Balankalekuko, Asentuko eta Ulaiargoitzeko pistak konpontzen ari da. Lan horiek 2014-2023 Altsasu Baso Planean jasota daude eta udalak 70.526,78 euro bideratu ditu. Horietaz aparte, Otadia eta Mendizabalazpiko pistak konpondu dira.  Valeriano Santesteban, S.L. Enpresak horien truke 20.345,15 euro eskuratu ditu.