Musikari hungariarrak Zelaia omentzeko

Guaixe 2016ko urr. 14a, 10:11

Orosz Zoltán eta Kornél Horváth.

Igandean, 18:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Orosz Zoltán (akordeoia) eta Kornél Horváth (perkusioa) bikoteak asteburuan Euskal Herrian barna bira eginen du. Biarritzen eta Donostian jo ondoren Altsasun ariko dira etzi. Ortzadar Euskal Folklore Elkartea eta Euskal Kultur Erakundearen elkarlanari esker izanen da bi musikari hungariarren musikaz gozatzeko aukera. Antolatzaileek, aldi berean, Enrike Zelaia musikari altsasuarra omendu nahi dute, “musika, folklore eta ondasun materiagabearen ikerketa eta hedapenari egindako ekarpen zabalagatik”.

Antolatzaileek azaldu dutenez, musikariak bikote “apurtzailea” da, eta “jazza, tango argentinarra, Balkanetako musika eta beste hamaika eraginez osaturiko kontzertu interesgarria aurkeztuko du. Bi artistek estiloen arteko mugak gainditzen dituzte: musika estiloak eta abardurak nahasten dituzte, sentikortasun eta gustu paregabeak agertuz. Horrela, atmosfera berezia sortuko dute euren inprobisazio eta originaltasuna ageriz”.

Musikariak
Orosz Zoltán, akordeoilaria, musika garaikidean ezaguna da oso. Besteak beste eMeRTon eta Artisjus sariak eskuratu ditu. Munduan barna kontzertuak eskaini ditu. Bere interes eta eraginak bere sorterri den Hungariako folkloretik jazzera doaz, musika klasikotik pasata.

Kornél Horváth, perkusio-jolea, ezaguna egin zen Stendhal (1987-1993) hirukoteko kide zenean. 1998an Leipzigeko nazioarteko jazz festibalean arrakasta lortu ostean, mundu osotik ibili da hainbat talderekin, bereziki jazzekoak (Tommy Campbell, Al Di Meola, Alegre Correa,Randy Brecker, eta beste asko). Honetaz gain, Hungaria, Europa eta Amerikako Estatu Batuetako hainbat goi mailako musika eskoletan aritzen da mintegiak eta kontzertuak eskaintzen.